Hilabete honetan heriotzari buruz errespetuz eta lasaitasunez hitz egiteko aukera egongo da Itziarren. "Gaia tabutzat jotzen den arren, eta sarri jendartean horri buruz hitz egiten ez bada ere", heriotzari buruz solas egiteko eta hausnartzeko proposamena dakar, hain zuzen ere, Itziarko Auzo Udalak.
Azaldu dutenez, "heriotzaren inguruan dagoen ezjakintasunak eta jakin-minak" eraginda hartu dute gaia lantzeko erabakia. "Heriotza eta doluaren ideia gure artean, euskal usadioetan, oso presente izan dira betidanik: meza-diruak, errosarioak, hildakoaren etxeko gaubelak... Orain dela hamarkada gutxira arte, dolua gizarteratu eta heriotza plazaratzeko tresna gisa erabiliak izan dira", gogorarazi dute. Baina, ohartarazi dutenez, "aspaldiko ohitura horiek galdu egin dira eta egungo gizarteak ez du berririk asmatzeko gaitasunik izan. Kontu hauek ahopeka edo erdi ezkutuan kudeatzen ditugu, hala moduz batzuetan".
Horiek horrela, heriotzari buruz gogoeta egiteko aukera eskainiko dute azarorako iragarritako ekimenetan. Gaia lantzeaz gain, hitzorduetara bertaratzen direnek beren sentimenduak eta emozioak partekatzeko aukera ere izango dute.
Lehen hitzordua ostiralean (azaroak 7) izango da. 19:00etan Dolu emanaldia egingo dute Burugorri gainean; Pello Ramirez musikaria, Aitor Mendiluze bertsolaria eta Andoni Salamero olerkaria izango dira bertsoa, musika eta prosa-poetikoa uztartzen dituen saioko protagonistak. Antolatzaileen hitzetan, "sentiberatasuna eta samurtasuna oinarri hartuta, estetikoki, afektiboki, eta emotiboki doluaren gaia plazaratzea" izango da hiru sortzaileen lanaren ardatza.
Datorren astean, berriz, Death Kafe saio bat izango da Kalebarrengo lokalean. Azaroaren 13an egingo da, eta Saioa Puebla Agirre Sen Bizia Terapia Zentroko kidea eta Andoni Salamero Alberdi Bioberatasuneko gidaria arduratuko dira 17:30etik 19:30era egingo den hitzordua dinamizatzeaz. Saioa irekia eta doakoa izango da, baina bertan parte hartzeko komenigarria izango da aurrez izena ematea. Itziarko Harrera Bulegora deituta (943 19 93 26) edo apuntatu@itziar.eus helbidera mezu bat bidalita egin daiteke izen-ematea.
Heriotzari buruzko gogoetak, sentipenak edota esperientziak elkarbanatzea helburu duen saioan parte hartzeko deia egin diete herritarrei.