ELKARRIZKETA

"Euskal baleazaleen historiari jarraika egin dugu kontzertuen ibilbidea eta horrek beste zentzu bat eman dio bidaiari"

Berriketan 2025ko urr. 1a, 10:07

"Gure instrumentuak hartu eta duela urte asko Islandian zehar euskal baleazaleak ibili ziren txokoetan euskal musika zabaltzen aritu den familia gaituzue". Hitz horiekin aurkeztu du Kalekantoi taldeak bere burua, familiako zortzi kidek abuztuan egin duten bidaiaren berri ematean. Islandian egon dira eta, besteak beste, bost kontzertu eman dituzte bertan. Esperientzia "izugarria" izan dela diote Ale eta Itziar Irizar aita-alabek.

Aski ezagunak ziren lehendik ere Itziarren eta inguruotan, eta are ezagunago bihurtu dira orain egin berri duten bidaiaren harira. Zortzi kide ditu Kalekantoik: "Gurasoek (Ale eta Itziar), alabek (Itziar, Ihintza eta Irati), alaben bikoteek (Mikel eta Imanol) eta Lili alaba/iloba/bilobak osatu dugu taldea", zehaztu dute. "Musika tresnak aitak (dultzaina, adarra, ahoko soinua eta whistle-a) eta alabok jo ditugu (Itziarrek trikitixa eta alboka, Ihintzak panderoa eta Iratik biolina) eta Imanol izan da emanaldietan aurkezpenak egin eta azalpenak eman dituena". Islandian bizitakoa "asimilatzen" ari dira oraindik ere.  

Nolatan bururatu zitzaizuen familiak Islandiara bidaia egitea? Zergatik Islandia?
Ale Irizar (A.I.): 2014an Alemaniara eta Austriara egin genuen bidaian kalean aritu ginen musika jotzen. Oso esperientzia aberasgarria izan zen, berezia, eta errepikatzeko gogoa genuen. 2023an Irati eta Imanol Islandian izan ziren; Imanolek aurrez sei urte egin zituen bertan, tarte luze batez Djupavikeko hotelean egin zuen lan eta bertan Euskal Zentroa inauguratu berri dute. 
Itziar Irizar (I.I.): Islandia eta Euskal Herria lotzen dituen jarduera nagusia baleen ehiza izan da eta oso interesgarria iruditu zitzaigun inguru horiek bisitatzea eta gure kultura edo ezagutza bertakoekin partekatzea.

Abuztuan izan zarete bertan. Zenbat eguneko bidaia egin duzue?
A.I.: Ia hiru aste egin ditugu Islandian. Ipar-mendebaldeko fiordoetan izan gara batik bat, inguru horietara joaten zirelako euskal baleazaleak. Baina Reykjavik eta hego-ekialdeko glaziarrak ere bisitatu ditugu.

Egonak zineten aurrez Islandian? Nolakoa da?
I.I.: Imanol sei urtez bizi izan zen bertan eta Iratik duela bi urte bi asteko egonaldia egin zuen Imanolekin batera. Aita ere egon zen laneko bidaia batengatik, baina gainontzekoontzat lehen aldia izan da. 
A.I.: Oso berezia da, iparraldea batez ere. Hegoaldea turistikoagoa da eta glaziarrak ikusgarriak dira. Baina iparraldeko lasaitasuna, zuhaitzik gabeko eta belar bolez betetako larreak, mendi altu eta ur-jauzi ilara amaigabeak, ia trafikorik gabeko bide luzeak... benetan ikusgarria da.

“Oso interesgarria iruditu zitzaigun inguru horiek bisitatzea eta gure kultura edo ezagutza bertakoekin partekatzea”

Ba al dute antzekotasunik islandiarrek euskaldunekin? 
I.I.: Zentzu batean kontrastea handia da, baina antzekotasunak ere baditugula esango nuke. Kontrastea dago bizimoduan (beste erritmo batean bizi dira), paisaian, dituzten baloreetan (errespetua, interesa…), baina antzekotasunen bat edo beste badugu; islandiera eta euskara, adibidez, biak dira hizkuntza gutxituak eta ulergaitzak. Zentzu horretan gurekin oso identifikatuta sentitzen dira.

Euskal baleazaleek harreman estua izan zuten Islandiarekin iraganean. Mendebaldeko fiordoetara joaten hasi ziren baleak ehizatzera, gutxienez XVI. mendetik, eta 1615. urtean 32 arrantzale euskaldun hil zituzten bertan. Txoko haietan ibili zarete zuek. Geratzen al da euskal baleazaleen aztarnarik han?
A.I.: Bai, hori da. IX. mendetik XVI. mendera bitarte euskaldunek balearen olioaren monopolioa izan zuten, balea handiak harrapatzeko gaitasuna zuten bakarrak zirelako. Eta Ternuan baleak gutxitu zirenean Europa iparraldera jo zuten askok. XVII. mende hasieran euskal baleazaleak Islandiako mendebaldeko fiordoetan aritu ziren baleak ehizatzen, eta 1615eko irailaren 21ean 32 euskal baleazale erail zituzten. Horixe da Djupavikeko Euskal Zentroan jaso dutena, baita 1615eko gertakaria ere. Albaola Itsas Kultur Faktoriako kideekin batera traineru bat eraikitzen ere ari dira.
I.I.: Aztarna fisikorik ikusteko moduan akaso ez, baina lekuak bai, noski, eta bertako jendeak badaki zein den garai hartako historia, oso presente gaude lauzpabost mende pasa diren arren. Djupavikeko hoteleko semeak esan zigun bertako fiordoan pare bat itsasontzi hondoratuta daudela eta hori ikertu nahi dutela; beraz, agian laster izango da ikusteko moduko aztarnaren bat.

Bi herrion itsas kultur-ondarea berreskuratzeko helburuz, Strandir eskualdeko Djupavik herrian Euskal Zentroa zabaldu berri dute irailaren 20an eta Albaolarekin elkarlanean dihardute. Proiektua ezagutzeko aukerarik izan duzue?
I.I.: Bai, ezagutu dugu. Udan oraindik ofizialki inaguratuta ez zegoen arren, ateak irekita izan dituzte eta ondoan duen lantegi zaharra ere —garai batean olioa egiten zuten berdelaren eta sardinzarraren koipea prozesatuta— ikusi ahal izan dugu, bertako hoteleko jabeek erakutsi digute, guretzat hango familia dira eta.

Zuena ez da bidaia turistiko soil bat izan. Euskal baleazaleen historian sakontzeko aukera izateaz gain, emanaldi ezberdinak egin dituzue bertan, euskal kultura ezagutaraziz; musika, tartean dantzak ere… Zer moduzko esperientzia izan da? Gustura ibili zarete emanaldietan?
I.I.: Esperientzia izugarria izan da, zentzu askotan. Euskal baleazaleen historiari jarraika egin dugu gure kontzertuen ibilbidea eta horrek beste zentzu bat eman dio bidaiari. Gerturatzen zirenek bazekiten zertara zihoazen eta beraietako asko harrituta gelditzen ziren egiten genuenarekin, euskal musikaz gain dantza ere ezagutu ahal izan dute, eta Imanolek azalpenak ematen zituen egiten ari ginenak zentzua izan zezan. 
A.I.: Horrez gain, Reykjavikeko liburutegi nazionala eta artxiboa ere bisitatu ahal izan ditugu eta XVII. mendeko islandiera-euskara glosarioa ikusteko aukera ere izan dugu.

Zer nolako lekuetan egin dituzue emanaldiak? Eta nolako harrera izan dute?
A.I.: Guztira bost emanaldi izan dira, lau ipar-mendebaldeko fiordoetan egin ditugu —Djupavikeko lantegi zaharrean, Isafjordurreko kultur etxeko aretoan, Ögur-eko kafetegian, Þingeyri-ko antzeztoki txiki batean— eta bosgarrena Reykjavikeko udaletxeko aretoan. Emanaldi bakoitza ezberdina izan da eta oso harrera ona izan dute. Bertaratu den jendeak sekulako interesa eta esker ona adierazi digu, gurekin hitz egin nahi izan dute, instrumentuak probatu, euren istorioak partekatu… Oso aberasgarria eta berezia izan da. 

Erraza izan al da saio horiek aurrez lotzea? Norbaitek lagundu al dizue?
I.I.: Hasieran uste genuena baino saio gehiago egin ditugu azkenean. Batetik, Imanol duela urte batzuk Islandian bizi izanak asko lagundu digu emanaldiak lotzeko garaian, eta, bestetik, Euskaldunen eta Islandiarren adiskideen elkarteko arduraduna (Olafur) ere gertu-gertu izan dugu. Reykjaviken bertako urteko egunik garrantzitsuenean udaletxean jotzeko aukera izan genuen, pentsa!

“Guztira bost emanaldi izan dira, lau ipar-mendebaldeko fiordoetan egin ditugu eta bosgarrena Reykjavikeko udaletxeko aretoan”

Jendea ezagutzeko eta harremanak sortzeko aukerarik izan al duzue bidaian?
A.I.: Bai, Djupavik hoteleko familiarekin harremanak estutzeko balio izan digu, baita bertako jendea ezagutzeko edota Olafur eta Zuhaitz —Islandian 12 urtez bizi den itsasoarra— bezalako pertsona interesgarriekin egoteko ere.

Zer zioten islandiarrek? Ba al zuten euskaldunon historiaren edo kulturaren berri? 
I.I.: Bai, ipar-mendebaldeko fiordoetan bazuten euskaldunon berri, inguru horietan baikara ezagunenak. Eskoletan Historiako ikasgaian ikasten omen dute euskal baleazaleen ibilerak zeintzuk izan ziren. Euskal musika eta dantza oro har ez dute ezagutzen eta bitxia egin zaie, berezia eta ezberdina, noski.

Zer sentsaziorekin itzuli zarete Islandiatik? 
A.I.: Oso sentsazio onarekin itzuli gara, bete-bete eginda. Emanaldiak, bisitatu ditugun lekuak, ezagutu dugun jendea… oraindik asimilatzen ari gara. Gure artean oso ondo moldatu gara eta bidaian ez dugu ezustekorik izan; beraz, bidaia borobila izan dela esango nuke. 

“Oso sentsazio onarekin itzuli gara, bete-bete eginda. Emanaldiak, bisitatu ditugun lekuak, ezagutu dugun jendea... oraindik asimilatzen ari gara”

Lehen aipatu bezala, aurrez ere bidaiatu izan duzue elkarrekin. Alemanian eta Austrian izan zineten, adibidez, 2014an eta han ere emanaldiak eskaini zenituzten. Zentzu horretan, antzeko bidaia izan al da aurtengoa?
I.I.: 2014an Alemaniara eta Austriara egin genuen bidaia inprobisatuagoa izan zen. Momentuan erabakitzen genuen noiz eta non jo, eta emanaldi guztiak kalean izan ziren, hiri edo herri handiagoetan. Bidaia hartako anekdotak ere oso politak dira eta jende interesgarria ezagutu genuen, baina oso ezberdina izan zen, bai joateko arrazoia, eta bai bertako jendearekin egindako harremana ere. 

Kalekantoiren berri izango al dugu aurrerantzean ere? Hurrengo batean, gehiago?
A.I.: Momentuz ez dugu beste helmugarik zehaztu, baina auskalo! Nork daki!