Hastear dira Lasturko San Nikolas jaiak

Berriketan 2025ko ira. 9a, 10:06

Ospakizunek bihar (irailak 10) hasi eta igandera (irailak 14) arteko egitaraua dakarte aurten. Hortaz, bost jai egunez gozatzeko aukera izango dute lasturtarrek. 

Badatoz lasturtarrek egutegian azpimarratuta izaten dituzten San Nikolas festak. Bihar (irailak 10), San Nikolas Egunarekin hasiko dira jaiak eta igandera (irailak 14) bitartean, beste behin ere, ospakizunez gozatzeko askotariko jarduerak izango direla iragarri dute jai batzordeko kideek. 

Egitarauan aldaketa gutxi batzuk egin badituzte ere, bost egunez, ohiko osagaiekin ondutako ekintzak izango dira. Beti bezala, bertso afariaz, bolo txapelketaz, herri kirolez, dantzez, musikaz, umeentzako jarduerez... eta beste hainbat ekintzez gozatzeko aukera izango dute auzora gerturatzen direnek.

                    [Hona HEMEN egitaraua] 

Bestelako berritasunik ere izango du aurtengo egitarauak. Bikoteen Egunean (irailak 13), esaterako, gauean kantu afaria izango dela aurreratu dute. "Lasturko Tabernan izango da saioa, Beñatek eta Ugaitzek lagunduta". Intxorpe Egunean (irailak 14), aldiz, urteroko eskuz binakako txapelketaren ordez, esku pilota partidak egongo direla jakinarazi dute; 11:30ean izango da hitzordua, frontoian.

Bertso afaria

Aurten ere bertso afaria egiteko asmoa azaldu dute jai batzordeko kideek. Saioa ostiralean (irailak 12) izango da, 21:00etan Lasturko tabernan. Nerea Ibarzabal eta Maialen Lujanbio ariko dira bertsotan eta gai-jartzaile lanetan, berriz, Unai Izagirre.

Txartelak Gure Dendan eta Lasturko tabernan bertan eros daitezke, 28 euroren truke. "Gau osoan Imanol Intxausti eta Iñaki Larrañaga trikitalariak izango ditugu. Animatu!", gaineratu dute antolatzaileek. 

Bestalde, jai batzordeko kideek azpimarratu dute Lasturko aterpetxeko taberna irekita egongo dela egunez festek irauten duten tartean. Festetan, ohi bezala, rifak salduko dituztela ere iragarri dute. "Intxorpe Egunean egingo dugu bertako produktuekin osatutako orgatxoaren zozketa, arratsaldeko jaialdiaren ondoren". 

Hona HEMEN egitaraua