Ez da inaugurazio ekitaldi ofizialik egin, baina zentroaren irekieran izan da Arantza Egaña Itziarko auzo alkatea, auzo udaleko beste zenbait kidez eta guraso elkarteko ordezkariez lagunduta. Maider Elustondo zentroko arduradunak eraikinaren giltzak jaso dituenean estreinatu dituzte ikasleek eta irakasleek instalazio berriak.
Luzaro HLHI ikastetxe publikoak Itziarren ireki berri duen espazio berriak 358,96 metro karratuko azalera erabilgarria du, hiru solairutan banatuta. Beheko solairuan, plazara irekitako arkupea, komun irisgarri bat eta gela teknikoak daude; goiko solairuetan, berriz, hiru ikasgela, komunak eta irakasle-gela bat ditu.
Lehen Hezkuntzako etapa osoa
Alkateak eta zentroko arduradunak nabarmendu dutenez, eskola komunitateak urte luzez egindako eskaerari erantzuten dio espazio berriak. Eta Elustondok zehaztu duenez, aurrerantzean Itziarko ikasleek Lehen Hezkuntzako ziklo osoa bertan egin ahal izango dute, Debara edo beste herriren batera joateko beharrik izan gabe.
"Espazio berri honek orain artean Apaizetxean ematen zen zerbitzua ordezkatuko du. Sasoi batean, lehenengo eta bigarren maila bakarrik eskaintzen ziren, baina guraso elkartearen eta auzo udalaren eskaerak aintzat hartuta, lortu da urtez urte beste maila bat gehitzen joatea; aurten, lehenengo aldiz, seigarren maila egiteko aukera ere izango dugu Itziarren. Horrek esan nahi du aurrerantzean Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza osorik egin ahalko direla Itziarren bertan", adierazi du.
Auzo alkateak gaineratu duenez, etorkizunean eskola txikien sarean sartzea da helburua. "Aurtengo ikasturtea trantsizio urtea izango da, baina helburua da datorren ikasturterako gure eskola sare horren parte izatea".
"Modernoagoa"
Biek ala biek azpimarratu dutenez, eraikin berriak ikasleentzako baldintza egokiagoak eskaintzen ditu, orain arteko Apaizetxeko eraikin zaharkituarekin alderatuta.
Instalazioak gaur zabaldu badituzte ere, "in extremis" zabaldu ahal izan dituztela ere aitortu dute. “Hasiera batean, obra iazko azaroan amaituta egon behar zen, baina hainbat gorabehera tarteko, guztia uste baino gehiago atzeratu da. Zorionez, justu-justu bada ere, gaurko dena prest egotea lortu da", azaldu du Egañak. Elustondoren hitzetan, azken ukitu batzuk ematea falta da oraindik.
Ate irekien jardunaldia
Auzo udaleko kideek jakinarazi dutenez, gainontzeko herritarrek ere eskola berria bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute. Irailaren 27an ate irekien jardunaldia egingo dute, 11:00etatik 13:00etara, zentroa bisitatzeko.
Egañak, era berean, Kontzeju Etxearen berrerabilpenaren balioa ere azpimarratu du. "Jatorriz Kontzeju Etxea da hau eta ahalegin handia egin da eraikina eskola bihurtu ahal izateko. Eraikina bera oso esanguratsua da itziartarrontzat eta harro gaude berritze prozesuan bere esentzia eta nortasuna galdu gabe egokitu ahal izan delako".