Lizarbe elkarteak zer-nolako parte-hartzea izango du jaietan?
Batez ere Umeen Eguna antolatzea da gure eginbeharra. Egun osoko egitaraua dugu aurten. Goizean puzgarriak eta entzierroa gurdiekin izango dira eta, ondoren, bazkaria frontoian. Arratsaldean umeentzako jolasak, Andutz Dantza Taldearen emanaldia, zezenak eta poneyak izango ditugu eta, jarraian, buruhandiak, kantujira eta ogitarteko jana plazan. Gauargi taldearen erromeriarekin eta zezensuzkoarekin amaituko da eguna.
Berritasunik izango al du aurtengo egitarauak?
Berrikuntzen artean, Gazteen Egunerako antolatu dugun urezko txirrista erraldoia aipatuko nuke.
Zenbat jende biltzen zarete elkartearen bueltan?
Elkartearen motorra hamar lagunek osatzen dugu. Urte osoan zehar gu arduratzen gara ekintzak antolatzeaz, baina Kopraixetan beste zenbait gurasok eta herritarrek ere laguntzen gaituzte.
Nola baloratzen duzue Kopraixen baitan haurrei zuzendutako eskaintza?
Uste dut oso positiboa dela, kontuan hartuta zer nolako herri txikia garen eta baliabideak zeintzuk diren. Umeentzat egun oso bat antolatzen dugu eta beste egunetan ere badute zer ikusia eta ikasia.
Zer nabarmenduko zenuke aurtengo festetatik?
Berriz ere plazara itzuliko garela azpimarratuko nuke. Izan ere, plaza bera da Kopraixen ezaugarri nagusienetariko bat. Festak herritik eta herriarentzat antolatzen dira eta pertsonalki hori da Kopraixetatik gehien gustatzen zaidana. Bertan sortzen den giroa izugarria da eta belaunaldien arteko harremanak sustatzeko ere balio du.