ELKARRIZKETA

Xabier Zubikarai: “Musikarik gabe ez legoke festarik, hutsune handia nabarituko litzateke”

Berriketan 2025ko uzt. 30a, 09:49

Kopraixetako egitarauari buruz gehiago jakin nahian, Jan Da Eran txarangako kide den Xabier Zubikarairekin hitz egin du Berriketan-ek.

Txarangak protagonismo berezia izaten du Kopraixetan. Festei ekiteko prest? 
Bai, noski, gogotsu gaude! Festak umorez eta alaitasunez bizi ditugu. Herriko jendea animatu nahian irtengo gara kalera trikitia, panderoa eta dultzaina lagun.

Noiz sortu zenuten taldea? Eta zein da hainbeste urtez bizirik jarraitzeko sekretua?
Duela 47 urte sortu genuen, lagun kuadrilla bat elkartu ginen festei musika jartzeko eta herri txikiko kaleak alaitzeko. Lagun arteko erronka bat izan zen, garai hartan ez zegoelako egungo musika eskaintzarik. Antonio Buenetxea Txankarta izan dugu erreferente Itziarren eta berarekin elkartu ginen txaranga sortzeko; hamalau bat lagun ginen. Lehenengo urteetan Txankarta soinu handiarekin irteten zen eta gainerakoak turutekin.

Zer-nolako abestiak jotzen dituzue jaietan? 
Betiko kantu herrikoiak jotzen ditugu: fandangoak, arin-arinak, kalejirak, dantza lotuak eta kantatzekoren bat ere bai. Trikiti giroko abestiak izaten dira batez ere.

Zer etorkizun ikusten diozue zuen txarangari?
Azken 10-15 urteotan Alejandro eta Itziar taldekideek jarraitu izan ez balute, ez dakit orain zein egoeratan egongo ginatekeen. Haiek emandako bultzadagatik ez balitz, taldea desagertuta egongo litzatekeela iruditzen zait. Zorionez, azken hiruzpalau urteotan jende gaztea gerturatu da eta txaranga osasuntsu dago.

Zure ustez, zer garrantzi dute Jan Da Eran bezalako txarangek jaietan?
Handia. Herrikoak gara eta ez gara profesionalak, baina Kopraixetako hiru egunetan irteten gara. Musikarik gabe ez legoke festarik, hutsune handia nabarituko litzateke.