Mardaitarren Eguna ospatuko dute bihar, Mardari auzokoen elkar ezagutza sustatzen jarraitzeko

Berriketan 2025ko eka. 20a, 09:39

Urtero legez, ekaineko hirugarren larunbatean antolatu dute jaia. Adin tarte guztietara egokitutako egitaraua osatu dute.

Antolatzaileen esanetan, bihar (ekainak 21) ospatuko duten Mardaitarren Eguna auzotarren artean harremanak estutzeko eta elkartzeko aitzakia bat da, eta horregatik hasi ziren ospatzen 2019an. "Mardari auzoan oso sakabanatuta bizi gara eta pentsatu genuen gure artean harremanak sendotzeko ona izan zitekeela jai bat antolatzea. 2019an hasi ginen eta konturatu ginen guk aurreikusi baino askoz arrakasta handiagoa izan zuela jaiak; sekulako oihartzuna izan zuen", azaldu dute. 

COVID garaian, 2020an eta 2021ean, ezin izan zuten festa ospatu, baina 2022az geroztik, ekaineko hirugarren larunbatean "hutsik egin gabe" antolatzen dute ekimena. "Guretzat oso egun berezia izaten da eta, horregatik, auzotarrak zein inguruko herritarrak gonbidatuta daude parte hartzera".

Auzolanean prestatu dute egitaraua eta 10:30ean emango diote hasiera. Santuarango aparkalekuan elkartu, eta handik txangoa egingo dute Ermita Zaharrera. Antolatzaileek azaldu dutenez, dagoeneko ez da existitzen ermitarik, baina haren aztarnak dauden lekura joango dira, auzotarrentzat lekua "oso berezia" delako. "Erreferentzia puntu garrantzitsua da guretzat".

Ondoren, 11:00etan, hamaiketakoa eta auzoko sagardo-dastaketa egingo dituzte. 14:30ean, berriz, euskal dantzak izango dira, Santuaran jatetxearen kanpoan. "Janire Etxebarri eta Elaia eta Jare Izagirre ahizpak ariko dira dantzan. Azken biak, gainera, trikitixa eta panderoa jotzen ere ariko dira". Dantza saioaren ondoren, bazkaritara joango dira; 45 bat auzotar batuko dira mahaiaren bueltan.

Omenaldia Zubeltzu bertsolariari

Antolatzaileek iragarri dutenez, bazkalondoan omenaldia egingo diote Joxe Antonio Sorazo Zubeltzu auzoko bertsolariari. "Omenaldi xumea izango da, baina garrantzitsua da guretzat". Hark idatzitako bertso-paperetako bi aukeratuko dituzte, baita kantatu ere, besteak beste.

Arratsaldean, 17:00etan, jolasak eta umeentzako merienda izango dira. "Batez ere mahai-jokoetan eta kartetan aritzen gara, adin guztietako auzotarrak entretenitzeko".