Astelehenean amaitzen da Itziarren datorren ikasturtean eskainiko diren ikastaroetan izena emateko epea

Berriketan 2025ko eka. 20a, 09:22

Iazko ikastaro eskaintza bera mantenduko bada ere, berrikuntza gisa, haurrei zuzendutako sormen tailerra eta gazteentzako ingeles ikastaroa eskainiko dira aurten.

Itziarko Auzo Udalak 2025-2026 ikasturterako matrikulazio epea ireki du; gogorarazi dutenez, astelehena (ekainak 23) da izena emateko azken eguna. Aurten ere ikastaro eskaintza zabala egin dute. Azaldu dutenez, aurtengo hezkuntza-eskaintzak aurreko ikasturteko proposamenei eusten die, eta zenbait berrikuntza gehitu dira, "aukerak zabaltzeko eta interesa duten pertsona guztiei sarbidea errazteko helburuarekin".

Berrikuntza nagusietako bat haurrei zuzendutako sormen tailer bat da. Zehaztu dutenez, Maddi Astigarraga debarrak eman du tailerra eta urritik ekainera bitartera izango dela aurreratu dute. Horrez gain,  gaztetxoek ingeleseko eskolak jasotzeko aukera izango dute; astean bi orduko izango dira denetara.

Izena emateko hiru aukera daude:

  • Etxean jasotako inprimakia bete eta Itziarko Harrera Bulegoko barruko edo kanpoko postontzian uztea.

  • Zuzenean Harrera Bulegora joatea eta bertan izen-orria betetzea.

  • Internetez galdetegia betetzea, esteka honen bidez: https://forms.gle/Rg51XhvcdHzQMZFUA.
Kontuan izan beharrekoak

Baja eman nahi izanez gero, lehenengo hiru hilabeteetan egin beharko da. Bestalde, lau urtez tarifek igoerarik izan ez dutenez, Itziarko Auzo Udalak jakinarazi du ikastaroen kuotek aurten 5 euroko igoera izango dutela.

Informazio gehiagorako edo zalantzak argitzeko, ikastaroak@itziar.eus helbide elektronikora idatziz, 943 19 92 55 zenbakira deitu edo Itziarko Harrera Bulegora bertaratu daiteke zuzenean, astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 15:00etara.