Hirugarren postua lortzea du helburu Itziarko taldeak, Herri Txikietako Areto Futbol A Koparen finalean

Berriketan 2025ko eka. 6a, 09:46

Bihar (ekainak 7) Gipuzkoako Herri Txikietako Koparen finalak jokatuko dira Bidaniako pilotalekuan. Txapelketa horren baitan, helduen A Kopako hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida jokatuko dute itziartarrek.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, 17:30ean hasiko da A Kopako hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko neurketa. Itziartarrek Leaburu-Txarama taldea izango dute aurkari kantxan, eta hirugarren postua izango da jokoan. Helburua lortzeko, taldekideek "ezinbestekotzat" jo dute zaleen babesa eta berotasuna.

Gipuzkoako Herri Txikietako Kopako finalaren harira, egun osoko festa antolatu du Gipuzkoako Areto Futbol Elkarteak Bidaniako pilotalekuan. Jardunaldia 10:00etan hasiko da, eta lehen partidan gazte mailako bosgarren eta seigarren postuak erabakiko dira, Bidania-Goiatz eta Itsasondo taldeen artean. 11:00etan jokatuko da gazteen hirugarren eta laugarren postuen arteko neurketa; Errezil eta Betelu aurrez aurre izango dira. Eta 14:45ean izango da gazteen final handia, Berrobi eta Aizarnazabal taldeen artean.

Helduak

Hortik aurrera, helduen partidek hartuko dute lekukoa. 15:30ean, B Kopako hirugarren eta laugarren postuak erabakiko dira: Itsasondoko Ijitok eta Arroa Behea izango dira aurrez aurre. 16:30ean, B Kopako finala jokatuko da, Errezil eta Ikaztegietaren artean.

17:30ean, A Kopako hirugarren eta laugarren postuak jokatuko dira, Leaburu-Txarama eta Itziar aurrez aurre izango direlarik. Eta, 18:30ean, A Kopako final nagusia izango da, Bidania-Goiatz eta Ikaztegietako Kutturruren artean. 19:30ean, emakumeen finala izango da eta bertan Aizarnazabal eta Arroa Behea izango dira aurkari.

Eguna borobiltzeko, 20:30ean sari banaketa egingo da eta ekitaldian kirol munduko aurpegi ezagunak izango dira. Arratsaldean zozketa ere egingo da parte-hartzaileen artean.