Debako, Itziarko eta inguruotako herritarrek zientzia munduan egiten duten lana ezagutarazteko helburuz, publiko orokorrari zuzendutako hitzaldi sorta abian du oraindik ere Kultur Elkarteak. Gaur (maiatzak 23) Itziarko Burugorri gainean jarri dute hitzordua eta bi hizlari itziartar izango dira protagonistak: Josune Zubicaray eta Irantzu Alberdi.
Josune Zubicaray (Itziar, 1988) Medikuntzan lizentziatua da EHUn, 2012an. Hematologian espezializatzeko urteak Donostiako Ospitalean egin zituen eta, orduz geroztik, Madrilgo Niño Jesus Ospitalean dihardu lanean. Bertan, nagusiki hezur-muineko gaixotasun ezberdinentzat terapia aurreratuak garatzea izan da bere azken urteotako jardun kliniko eta zientifikoaren ardatza. Ikerketa ildo horri tiraka argitaratu zuen doktoretza-tesia 2022an, Madrilgo Unibertsitate Autonomoaren eskutik.
Hona hemen bere solasaldiaren mamia:
'Terapia edo medikamentu aurreratuak deritzaienak laborategitik pertsonetara'
Terapia aurreratuen nondik norakoak azalduko ditu solasaldian. Bereziki terapia genikoan jarriko du arreta, baina beste terapia zelularren bat ere aurkeztuko du hitzaldira bertaratzen direnen aurrean: besteak beste, zer diren, nola sortzen diren, zertan erabili edo aplika daitezkeen, edota odoleko gaixotasun ezberdinen etorkizuna nola alda dezaketen azalduko du. Medikamentu horiek nori eskaintzen dizkioten eta zer berezitasun eta konplikazio dituzten ere argituko du.
Bigarren protagonista Irantzu Alberdi (Itziar, 1996) izango da. EHUn Itsasketako Gradua egin ondoren, Alberdik Itsasketa Masterra egin zuen, bere prestakuntza osatzeko helburuz. 2018an makineriako praktikak burutu zituen eta ondorengo urteetan gas naturalaren itsas garraioan murgilduta ibili da, ardura ezberdineko lanpostuetan, munduan barrena (Hego Amerika, Afrika, Qatar, Australia, Txina, Japonia, India...). Azken urteotan gas natural likidotua AEBetatik Europara garraiatzen duten ontzietan aritu da nagusiki lanean.
Hona hemen bere solasaldiaren nondik norakoak:
'Texastik Europako etxeetara. Gas naturalaren itsas garraioan dihardutenei begirada txiki bat'
Itsasontzietako lanpostuen estrukturari eta postu bakoitzaren zereginei eta ardurei buruzko azalpen bat emango du hitzaldian. Itsasontziko eguneroko bizitzaz ere ariko da, mugimenduan dagoen lantoki batek lanari nola eragiten dion aipatuz, besteak beste. Halaber, bere ibilbide profesionalean gertutik ezagutu dituen itsasontzi motez eta beren kargaren berezitasunez hitz egingo duela aurreratu du. Izan ere, gure etxeetara iristen den gas naturala likido egoeran garraiatzen baita itsasontziz.