Egun osoko egitarauarekin ospatuko dute igandean Lasturko Talo Eguna

Berriketan 2025ko mai. 22a, 13:40

Izarraitz Bizirik elkartearen ekimenez eta Itziarko Auzo Udalaren laguntzaz, Talo Eguna ospatuko da beste behin ere igandean (maiatzak 25), Lasturren.

Aurtengo jaia Gipuzkoako IV. Erroten Egunaren baitan antolatu dute eta, antolatzaileek iragarri dutenez, gaiarekin zerikusia duen hitzaldi batekin emango diote hasiera egitarauari. Hitzordua 11:00etan izango da, Aterpetxeko Interpretazio Zentroan, eta bertan Joxin Azkue Gabilondo historialaria eta ikerlaria ariko da hizlari. Azaldu dutenez, Azkuek ordubete inguruko solasaldia eskainiko du eta "Lasturko errotak izango ditu hizpide, orokortasun batetik abiatuta".

Egitaraua goizean hasi eta iluntzera arte luzatuko da aurten ere. Beti bezala, egun osoan Lasturko tabernaren atzealdean taloa nahi bezala dastatzeko aukera egongo da, Imanol eta Iñaki trikitilarien doinuez lagunduta. Auzoko errotak ere martxan egongo dira, eta nahi duten guztiek horien funtzionamendua ikusteko aukera izango dute.

Auzoko Albara ganadutegikoek larrabehien erakustaldia egingo dute eguerdian; hitzordua 12:30ean izango da, plazan. Lasturko tabernan bazkaltzeko aukera ere izango da; erreserba egin nahi izanez gero, 943 19 90 33 telefono zenbakira deitu beharko da.