Itziarren abiatuko da Ados Pilota Elkartearen Etxeko Memoriala-Bertso Pilota Txapelketa

Berriketan 2025ko mai. 16a, 09:21

Bitxiloreak taldeak Eguzkiloreak taldearen aurka neurtuko ditu indarrak gaur (maiatzak 16) 19:00etan jokatuko den norgehiagokan. Sebastian Lizaso eta Nerea Elustondo bertsolariak ere eurekin batera izango dira.

Bertsolaritzaren eta emakumeen pilotaren arteko topagune berezia den Ados Pilota Elkartearen Etxeko Memoriala-Bertso Pilota Txapelketa gaur (maiatzak 16) abiatuko da Itziarren.

Antolatzaileek jakitera eman dutenez, gaur, 19:00etan hasita, Zabalsoro frontoian jokatuko den jardunaldian Bitxiloreak eta Eguzkiloreak taldeak ariko dira aurrez aurre. Bitxiloreak taldeko Agirre, Iturriaga eta Galeano pilotariak, zehazki, Sebastian Lizaso bertsolariaren esanetara ibiliko dira eta Eguzkiloreak taldeko Mendiburu, Mujika eta Arrieta, berriz, Nerea Elustondo bertsolaria aholkulari dutela. Sarrera bost euro ordaindu beharko da.

Jaialdiaren sistemari dagokionez, bi puntu egongo dira jokoan eta horiek lortzeko, bi partida jokatu beharko dituzte aurkariek: lau t’erdiko buruz buruko partida bat eta binakako beste bat eta atsedenaldietan bertsolariek bertso bidez emango dizkiete aholkuak pilotariei.

Txapelketaren formatua

Txapelketaren egitura lau talderen arteko ligan oinarritzen da. Talde bakoitza hiru pilotarik eta bertsolari-botilero batek osatzen dute. Zehaztu dutenez, bina talde jarriko dituzte aurrez aurre jardunaldi bakoitzean eta bertan lau eta erdiko eta binakako partida bana jokatzen da.

Talde guztiek jokatuko dute elkarren kontra Itziarren, Donamarian, Berriozarren, Lazkaon, Sunbillan eta Urdazubin eta puntu gehien pilatuta dituzten bi talde onenek Zestoan jokatuko dute finala, ekainaren 8an.