Aurten hamabosgarrenez ospatu dute Erromeria Eguna Itziarren eta antolatzaileak pozik azaldu dira jaiak izan duen harrerarekin eta bertan sortu zen giroarekin. Oso balorazio positiboa egin dute. "Oso ondo joan zen eguna. Primerako eguraldia egin zuen, zoragarria, eta horrek, egia esan, asko lagundu zuen. Herriko jendea zein kanpotik etorritakoak gustura ikusi genituen", laburbildu dute.
Zenbait berritasun izan dira aurtengo egitarauan; nabarmenena dantzak herriko gune ezberdinetan egin dituztela izan da, eta berrikuntza horrekin "asmatu egin dutela" uste dute antolatzaileek. Azaldu dutenez, "herritarrei asko gustatu zaie aldaketa. Ekintza guztiak plazan egin beharrean herrira zabaldu izanak herriari beste bizitasun bat eman diola uste dugu".
Egin zituzten ekimen guztiak "oso ondo" joan zirela esan dute. Horietatik jendetsuena bazkari herrikoia izan zen, 250 lagunetik gora elkartu baitziren Zabalsoro frontoian. "Primerako giroa izan genuen eta arratsaldean plazan egin zen erromerian ere jende pila bat ibili zen", gaineratu dute.
Eguneko egitaraua biribiltzeko, erromeri-afaria egin zuten trikitilariekin Burugorri Ostatuan. "Giro ederra izan genuen bertan ere. Goizaldeko ordu txikiak arte ibili ginen dantzan eta soinuak eta panderoak astintzen".