LPSari egindako azken aldaketen aurkako mozioa onartu du auzo udalak

Berriketan 2025ko mai. 6a, 09:55

Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren (LPS) behin-behineko dokumentuan egindako azken aldaketek ez dute baztertzen Itziarren parke eolikoak ezartzeko aukera. Aldaketa horiek "arrisku potentzial" gisa ulertuta, auzo udaleko kideek irmo adierazi dute beren desadostasuna.

Itziarko Auzo Udalak ohiko osoko bilkura egin zuen apirilaren 10ean eta bertan aho batez onartu zuen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Energia Berriztagarrien LPSaren behin-behineko dokumentuaren aurkako mozioa. Adostutako adierazpen hori Eusko Jaurlaritzan aurkeztea izango da hurrengo urratsa.

Behin betiko onespena jaso ez badu ere, badirudi laster onartuko dela LPSa. Plan horrek EAEn energia berriztagarria ekoizteko azpiegiturak —eolikoak eta fotovoltaikoak bereziki— non jar daitezkeen eta non ez argituko du, irizpide batzuen arabera.

Itziarko Auzo Udaleko kideak LPSaren aurka aurkeztutako mozioa eskuetan. Arg.: Itziarko Auzo Udala
 

Aldaketak izan dira, ordea, 2023ko hastapeneko onarpen dokumentuaren planoetan eta horrek kezka eragin die auzo udaleko kideei, "halako azpiegiturak eraikitzeko lurraldeak duen ustezko ahalmen edo harrera-gaitasunaren graduaketa nabarmen aldatu eta igo baitute".

Dokumentua "modu irregularrean" moldatu dutela salatu dute, "aldez aurretik kontsultarik egin gabe eta informazio publikorik eman gabe"

Gai honek "garrantzia handia" duela azpimarratu dute, eskala ertaineko nahiz handiko instalazio eolikoak zonalde berri askotara hedatzea ahalbidetzen duelako. "Itziarren, Andutz-Txobillar gunea ahalmen baxuko eremua izatetik ahalmen ertaineko gune izatera pasa da eta Arbil-Lizarreta-Arriola gunea, berriz, ahalmen oso baxukoa izatetik ertainekoa izatera. Bi gune horiek kolorez aldatu dira planoetan eta horrek eskala ertaineko instalazio eolikoak (bost aerosorgailu baino gutxiagokoak edota 30 megawatteko potentzia baino gutxiago dutenak) bertan kokatzea ahalbidetu dezake".

"Arrisku potentzial" horren aurrean, behin-behineko dokumentuan Jaurlaritzak egin dituen aldaketen aurka daudela adierazi dute: "Ez gaude planaren aldaketa puntual baten aurrean, lurraldeko eremu zabalei eragiten dien aldaketa multzo handi baten aurrean baizik. Arrazoi horregatik aurkeztu dugu mozioa", zehaztu dute auzo udaletik.

"Justifikaziorik gabe"

Jaurlaritzak aldaketak "modu irregularrean eta justifikaziorik gabe" egin dituela salatu dute. "Gai honek lurralde eta ingurumen arloan ondorio garrantzitsuak dituen arren, LPSaren azken aldaketak aldez aurretik kontsultarik egin gabe eta informazio publikorik eman gabe egin dituzte. Ez gaude ados prozedurarekin eta gardentasunaren aurkako erasoa dela uste dugu".