Aurtengoa hamabosgarren edizioa izango da eta antolatzaileek festaz gozatzera gonbidatu dituzte herritarrak.
Ohiko osagaiekin dator hitzordua, baina berritasun batzuk ere iragarri dituzte. Nabarmenena erromerien kokaleku aldaketa izango da. Azaldu dutenez, "arratsaldeko erromeria plazara bueltatuko da aurten. Iaz, obrak zirela eta, ekimena frontoian egin behar izan genuen, baina oraingoan jatorrizko lekura itzuliko da". Bestalde, Bikain jatetxean egin beharrean, Burugorri Ostatuan egingo dute erromeri-afaria.
Bestelako berritasunik ere izango da. Antolatzaileek aurreratu dutenez, hain zuzen, Andutz dantza taldeko kideek "kalejira berezia" egiteko asmoa dute; herriguneko leku ezberdinetan ariko dira.
Egitaraua 11:00etan hasiko da, kalejira eta dantzekin. 12:30ean, mokadua eskainiko dute plazan eta Itziarko eta Vianako dantzarien eta herriko trikiti eskolako ikasleen saioaz gozatzeko aukera izango da bertan. Kalejira egingo dute 13:00etan, trikitilariek, dultzaineroek eta fanfarreak alaituta, eta, ondoren, 14:30ean, herri bazkaria izango da frontoian; otordurako txartelak apirilaren 30era arte egongo dira salgai Burugorri Ostatuan eta Gure Dendan. Gaur izango da, beraz, txartelak eskuratzeko azken eguna.
Erromeria izango da 18:00etan plazan eta, eguna biribiltzeko, trikitilariekin erromeri-afaria egingo dute 21:30ean Burugorri Ostatuan (txartelak bertan izango dira eskuragai, 25 euroan). Urtero bezala, trikitilariek alaituko dute afalosteko giroa.