Abiatzear da Gipuzkoako Herri Txikietako Areto Futbol Kopa. Liga amaitu eta gero, bihar (apirilak 11) hasiko da bidea egiten txapelketa. Aurten bi mailatan banatu dute lehia eta, azaldu dutenez, bakoitzean launa taldek parte hartuko dute. "A mailan Ligako lau onenak arituko dira eta B mailan, berriz, Ligan azkena geratu den Itsasondoko Ijitok eta beste hiru taldek parte hartuko dute".
Itziarko taldea A mailan ariko da Bidania-Goiatz, Leaburu-Txaramako Uzturre eta Ikaztegietako Kuturru taldeekin batera. B mailan berriz, Ikaztegieta, Errezil eta Arroa Behea izango dira Itsasondoko Ijitok taldearen aurkariak.
Lehen jardunaldia
Ostiralean jokatuko den lehen jardunaldian, A mailan, Itziar eta Bidania-Goiatz ariko dira lehian batetik, eta bestetik, Leaburu-Txaramakok eta Ikaztegietako Kutturruk neurtuko dituzte indarrak. B mailan, aldiz, Ikaztegietak Errezilgo taldea izango du aurrez aurre eta Itsasondoko Ijitok, berriz, Arroa Behea taldearen aurka jokatuko du.
Apirilean eta maiatzean jokatuko dituzte partidak eta, aurreikuspenen arabera, "guztiek itzuli bateko ligaxka jokatuko dute". Sailkapeneko onenek, aldiz, ekainaren 7an jokatuko diren finaletarako sailkatuko dira. Adierazi dutenez, egun guztiko festa egingo dute Bidania-Goiatzeko pilotalekuan eta herri afari batekin borobilduko dute jaia.
Emakumezkoen lehiaketa ofizial bakarra
Aurten, estreinakoz, emakumeek ere parte hartuko dute Gipuzkoako Herri Txikietako Areto Futbol Kopan. Momentuz, Aizarnazabal eta Arroa Behea dira bertan parte hartzeko izena emanda daudenak baina, gogorarazi dutenez, oraindik ere izena emateko epeak zabalik jarraitzen du; larunbata (apirilak 12) da horretarako azken eguna.
Antolatzaileek azpimarratu dutenez, "hau izango da areto futbolean Gipuzkoan jokatuko den emakumezkoen lehiaketa ofizial bakarra, Futbol Federazioak ezin izan baitu nesken lehiaketarik antolatu taldeak falta zirelako, baina Areto Futbol Elkarteak lortu du".
Haien arabera, "oso garrantzitsua" da lorpena, elkarteak aurtengo urterako zehaztutako "erronka nagusietako bat" izan baita hori. Datozen urteetan hori indartzeko asmoa dutela gaineratu dute.