Ohiko osoko bilkura egingo du bihar Itziarko Auzo Udalak

Berriketan 2025ko api. 9a, 09:21

18:00etan izango da hitzordua, Apaizetxea eraikineko batzar aretoan. Gogorarazi dute hilean behin egin ohi den ekitaldia irekia izango dela eta, hortaz, herritar orok duela bilkurara agertu eta bertan parte hartzeko eskubidea.

Jorratuko dituzten 11 puntuen artean, besteak beste, Jaurlaritzaren Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren behin-behineko dokumentu berriaren aurkako mozioa aurkeztuko dute.

Honakoa da Itziarko Toki Entitate Txikiaren bilkuran eztabaidatuko den gai zerrenda:

  1. Aurreko bilkurari dagokion aktaren zirriborroa onartzea, hala badagokio.
  2. Alkatetza dekretuaren kontrola.
  3. Energia teknikariarekin eginiko Lasturko galdaren energia azterketa egin ondoren, Aterpetxeko galdara bat berritzea 7.399,15 euro.
  4. Lasturko Aterpetxearen emakida zerbitzua espedientea onartzea 5 urteko epealdiarekin eta beste 5 luzatzeko aukerarekin.
  5. Eusko Jaurlaritzako "Ekintza bereziak" landa eremuak dinamizatzeko laguntzetara X. urteurreneko ekitaldi sorta aurkeztu dela berri ematea.
  6. Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren behin-behineko dokumentuari justifikaziorik gabe eta modu irregularrean eginiko aldaketen aurrean mozioa onartu eta Eusko Jaurlaritzako dagokion erregistroan aurkeztea.
  7. Erromeri Eguna antolatzeko Andutz Taldeari 5.000 euroko dirulaguntza bideratzea.
  8. Girotuz udalekuak antolatzen dituen Burugorri Martxan elkarteari 8.500 euro bideratzea.
  9. Itziarko Gazte Asanbladari Bertso jaialdia antolatzeko 1.000 euroko laguntza bideratzea.
  10. Euskaraldiaren mozioa.
  11. Erregu eta galderak.