'Ostirala iritsi da!' ikuskizuna izango da bihar Itziarko Zabalsoro frontoian

Berriketan 2025ko ots. 14a, 10:28

17:00etan hasiko da Porrotx, Marimotots, Pupu eta Loreren ikuskizun berriaren emanaldia.

Katxiporreta taldeko pailazo ezagunek ikuskizun berria aurkeztuko dute bihar (otsailak 15) Itziarren. Lizarbe Guraso Elkarteak antolatu du hitzordua, Itziarko Auzo Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin, eta auzo udalaren hamargarren urtemuga ospatzeko egitarauaren baitan egingo da.

70 bat minutuko emanaldia izango da eta honela dio sinopsiak: "Gaur egun berezia da eskolan. Porrotx, Marimotots, Pupu, Lore eta bertaratutako lagunek, Txapas irakaslearekin batera, beren azken laneguna igaroko dute, elkarrekin ikasitakoa ospatuz. Basoa, jolasak, eskulanak, kantuak, irriak eta bihurrikeriak ez dira faltako. Txapasekin beti da ostirala!".

Emanaldiari edota sarrerei buruzko informazio gehiagorako, herritarrek 943 19 92 55 telefono zenbakira dei dezakete.