Kosmetika naturalean trebatu nahi dutenek horretarako aukera izango dute datozen hilabeteotan, Itziarko Auzo Udalak antolatu duen ikastaroari esker. Jakinarazi dutenez, Itziar Etxeberria Biotxik markaren sortzaileak gidatuko ditu saioak, eta bertan, besteak beste, hortzetako pasta, xanpu solidoa, aurpegia garbitzeko xaboi likidoa, ile-egokitzaile solidoa eta eguzkitarako krema modu tradizionalean prestatzen ikasiko dute parte hartzaileek.
Otsailaren 15ean hasi eta ekainaren 14ra bitartean egingo da tailerra, eta ordu eta erdiko bost saio izango ditu guztira. Zehaztu dutenez, asteburuetan egingo dira saioak, 11:00etatik 12:30era, Kalebarreneko lokalean, honako egunetan: otsailaren 15ean, martxoaren 2an, apirilaren 5ean, maiatzaren 10ean eta ekainaren 14an.
Saio bakoitzeko 30 euroko prezioa ezarri dute eta bertan parte hartzeko aurrez eman behar da izena; ostirala (otsailak 7) da horretarako azken eguna. Parte hartu nahi dutenek hiru bide dituzte horretarako: apuntatu@itziar.eus helbide elektronikora mezu bat idatzita, Harrera Bulegora bertaratuta edo 943 19 92 55 telefono zenbakira deituta.