Aitor Huergok Itziarren emango du hurrengo kontzertua

Berriketan 2025ko ots. 3a, 09:44

Itziarko Auzo Udalak antolatu du emanaldia, eta, zehaztu dutenez, Auzo Udalaren X. urteurrena ospatzeko antolatu diren ekitaldiei emango die hasiera.

Itziarko Endoia auzoan bizi den kantariak otsailaren 7an emango du bere hurrengo zuzenekoa. Azaldu duenez, beste bost taldekiderekin batera (Ianire Mate, Aitor Erkizia, Josu Salegi, Adrian Larrañaga eta Irati Majoral) igoko da Burugorri gaineko oholtzara.

Emanaldia 20:00etan hasiko da, eta bertaratzen direnek Ganbarako doinuak bigarren diskoko abestiak izango dituzte entzungai, baita Barruko paisaiak aurreko laneko kantuak eta "abesti berriren bat edo beste ere".

Sarrerak dagoeneko eskuragai daude 5 euroren truke. Horietako bat eskuratu nahi dutenek apuntatu@itziar.eus helbide elektronikora mezu bat idatzita egin ahalko dute erreserba. Sarrera guztiak agortzen ez badira, egunean bertan erosteko aukera ere izango da.