Batzarrera Iñaki Aizpuru Oiarbide Naturzaindiako kidea eta Itsasondoko alkatea gonbidatu du tokiko entitate txikiak. Iragarri dutenez, bi gai nagusi landuko dira herritarrekin aurrez aurre: alde batetik, zuhaitz landaketaren gaia izango dute hizpide, eta bestetik, Eusko Jaurlaritzak urriaren 31n argitaratu zuen Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialari (LPS) aurkeztutako alegazioei emandako erantzunen txostena. Guztira, 4.217 alegazio aurkeztu dira.
Plan horrek, besteak beste, Itziarko lurretan parke eoliko bat eraikitzea aurreikusten zuen. Horregatik, Itziarko eta Debako hainbat herritarrek eta eragilek alegazioak aurkeztu zituzten. "Eusko Jaurlaritzak Andutz-Txolibar deituriko gunean eskala handiko instalazioak eraikitzeko aukera bideratu zuen, bost aerosorgailu edo gehiago ezartzeko gune izendatuz. Horregatik, 2023ko uztailean 160 herritarrek alegazioak aurkeztu zituzten", azaldu dute Itziarko Auzo Udaleko iturriek.
Horrez gain, Deban beste 118 alegazio aurkeztu ziren eta Itziarko Auzo Udalak ere beste zortzi alegazio aurkeztu zituen Andutz-Txolibar deituriko gunea "eskala handiko instalazioak eraikitzeko gune posibletik kanpo uzteko" eskatzeko.
Horiek hala, gaiarekiko interesa duten guztiei batzar informatibora bertaratzeko gonbidapena egin diete Itziarko Auzo Udaletik. "Ikusmin handia piztu zuen aurretik egin zen batzar informatiboak, eta honakoak ere hala izatea espero dugu; 100 herritar baino gehiago batu ginen", adierazi dute.