Macba fundazioaren saria irabazi du Ibon Aranberrik

Berriketan 2024ko aza. 27a, 12:25

Ibon Aranberri artista saria eskuetan duela. Arg.: MACBA - FERRAN NADEU

Artista itziartarra Vista Parcial (2023) eta Entresaka (2024) erakusketengatik saritu dute. Epaimahaiak aho batez eman dio saria eta, 50.000 euroko ordainsaria ez ezik, Jorge Oteizaren Olatua eskulturaren erreplika bat ere jaso du Aranberrik.

Macba fundazioaren saria eskuratu berri du Ibon Aranberrik (Itziar, 1969). Madrilgo Reina Sofia museoan 2023 amaieran aurkeztu zuen Vista Parcial  eta aurten Gasteizko Artium museoan ikusgai izan duen Entresaka erakusketengatik lortu du aintzatespena.

Epaimahaiak aho batez eman dio saria, Aranberrik "museoko aretoak imajinazio sozialerako espazio bihurtzeko duen gaitasuna" nabarmenduz. Era berean, sustraiak euskal tradizio formalistan dituen artistaren obraren "osotasun estetikoa" ere goraipatu du. 50.000 euroko ordainsaria jaso du itziartarrak, baita Jorge Oteizaren Olatua (1998) eskulturaren erreplika txiki bat ere.

Aurten banatu dituzte lehenbizikoz Macba fundazioaren sariak, "Espainiako eta Portugalgo artista garaikideen talentua" saritzeko helburuz (azken bi urteetan sortutako lanak hartu dituzte aintzat). Aurtengo epaimahaia hainbat arlo eta lekutako profesionalek osatu dute eta, azaldu dutenez, batzorde batek aurrez hautatutako 30 proposamen artistikoren artean aukeratu dituzte lan irabazleak. Aranberrik lortu du sari nagusia, eta Cabello/Carceller kolektiboa, Sandra Gamarra eta David Bestue izan dira finalistak (10.000 euro jaso ditu bakoitzak).