Itziarko Auzo Udalak lizitaziora aterako du herriko taberna-kafetegiaren zerbitzua ustiatzeko kontratua. Auzo udal iturriek azaldu dutenez, maiatzean ostatuaren ardura hartu zutenek ez dute kontratuan sinatutako sei hilabeteko hasierako proba epea gainditu. Horregatik, negozioaren kudeaketaren ardura hartuko lukeen norbait ahal den azkarren aurkitzeko nahia agertu dute. "Orain dagoen maizterrarekin adostu dugu taberna urtarrilaren 6ra arte irekita mantenduko duela".
Jakinarazi dutenez, abenduaren erdialdean lizitatuko da ofizialki kontratua, eta oinarriak "lehengo berberak" izango dira. Zehaztu dutenez, prozedura negoziatu bidez esleituko da kontratua. Burugorri ostatuan mota askotako ekintzak egin izan dituzte, eta, arrazoi horregatik, eskaintza gastronomikoaz gain, eskaintza kulturala eta herriaren eta herritarren interesekoak izan daitezkeen ekarpenak egitea ere baloratuko dutela azpimarratu dute.
Herriko ostatua ustiatzeko aukeraz baliatu nahi duten maizter berriek 943 19 92 55 telefono zenbakira deitu edo itziarkobulegoa@deba.eus posta elektronikora mezu bat idatzita egin ahalko dituzte proposamenak; abenduaren 10a da horretarako azken eguna. Nabarmendu dutenez, "aukera ederra" da, eta horretarako "baldintza paregabeak" eskainiko dituztela azaldu dute.