Abian da Gael elkarteak antolatutako Gipuzkoako Herri Txikietako Areto Futbol Liga. Aurreko ostiralean (azaroak 8) jokatu zuen Itziarko taldeak ligako lehen norgehiagoka eta Bidania-Goiatz taldearen aurka 2-3 galdu ondoren, porrotarekin estreinatu da txapelketan.
Zabalsoro frontoiko ia harmaila guztiak beteta zirela jokatu zen neurketa, baina etxekoen animoak ez ziren nahikoa izan aurretik eduki zuten partida gogorrari aurre egiteko. Lehen zatian kanpotarrak izan ziren nagusi kantxan eta itziartarrak aldea iraultzen saiatu baziren ere, ez zuten arrakastarik izan; aurkariak bi goleko errentarekin iritsi ziren atsedenaldira.
Bigarren denboran, berriz, Itziarrek presioa gehitu zuen eta gauzak estutzen saiatu bazen ere, beste gol bat jaso zuten. Hori bai, 0-3koaren partida erabakita geratu behar zela zirudienean, itziartarrak partidan sartzen hasi ziren. Haritz Alberdik lortu zuen etxekoen lehen gola eta Aizpuruak sartu zuen bigarren golak etxeko taldea neurketan sartu zuen berriro, kanpotarren jokoa estutuz. Hala ere, markagailua ezin izan zuten irauli eta Bidania-Goiatzentzat izan ziren jokoan zeuden puntuak.