Erantzun ona izan du Itziarko Periak

Berriketan 2024ko aza. 4a, 13:00

Eguraldi ona lagun, ehunka lagun batu zituen ostiralean (azaroak 1) egin zen XXIX. Itziarko Periak.

09:00etan ireki zituen ateak Itziarko Peria Elkarteak eta Itziarko Auzo Udalak antolatutako feriak eta, ordu horretarako, jendea hara eta hona zebilen jarritako postuetan kuxkuxeatzen; baserrietako produktuak, artisau lanak, arropak eta bestelakoak izan ziren aukeran, industrialdeko eremuan jarritako postuetan. Gipuzkoako lau makineria etxek ekarritako askotariko tresneria eta makineria ere egon zen erakusgai.

Bisitariek, gainera, hainbat animalia mota ikusteko aukera ere izan zuten. Besteak beste, behiak, behorrak, astoak, txerriak, txakurrak, hegaztiak, ardiak, ahuntzak, pottokak... izan zituzten ikusgai. Abereen erakusketak ere egin zituzten feriaren eremuan, baita Euskal Herriko VII. sasi ardi txapelketa eta sari banaketa, eta Gipuzkoako VI. ahuntz azpi-gorrien txapelketa ere.

14:00etan itxi zituen ateak feriak, baina ospakizunak hurrengo eguneko ordu txikiak arte jarraitu zuen. Arratsaldean, esaterako, herri kirolez gozatzeko tartea egon zen Zabalsoro frontoian. Itziarko Hostalean egin zen hitzordura batu zirenek, berriz, egunaren azken orduak erromeria giroan igaro zituzten.

Antolatzaileak pozik agertu dira jaiak izan zuen harrerarekin: "Eskerrik asko gerturatu zineten guztioi". Boluntarioen lana ere eskertu nahi izan dute, bide batez. "Egun eder bat izan zen itziartarrontzat eta hurbildu ziren guztientzat".