175 bat postu izango dira auzolanean antolatutako XXIX. Itziarko Perian

Berriketan 2024ko urr. 31a, 12:02

Arg.: Itziarko Auzo Udala

Azaroaren 1ean ospatzen den Itziarko Peria egutegian gorriz markatutako hitzordu berezia da askorentzat. Eta, antolatzaileen esanetan, "egitarau borobila" izango du aurtengoak ere; 29. feria izango da

Itziarko Peria Elkarteak eta Itziarko Auzo Udalak antolatutako feriak 09:00etatik 14:00etara irekiko ditu ateak eta, aurreko urteetan bezala, bertan askotariko produktuak erosteko aukera izango dute bisitariek.

175 postu inguru jarriko dituzte industrialdeko eremuan eta baserrietako produktuak, artisau lanak, arropak eta bestelakoak izango dira aukeran. "Aurten artisau postu gehiago izango dira, bertako produktuen aldeko apustua indartu egin baitugu", nabarmendu dute antolatzaileek. Aurreratu dutenez, gainera, Gipuzkoako lau makineria etxeren eskaintza "zabala" izango da ikusgai.

Beste urte batez, bisitariek hainbat animalia mota ikusteko aukera izango dute. Gainera, Aiako Indate Berri baserriko abere bitxien erakusketa izango da, baita Lasturko Gailur zalditegiko zaldien erakusketa ere. Halaber, Euskal Herriko VII. sasi ardi txapelketa eta sari banaketa egingo dute feriaren eremuan, eta Gipuzkoako VI. ahuntz azpi-gorrien txapelketa ere bai. Iazko bide beretik, herri-kirolen erakustaldia hartuko du gero Zabalsoro frontoiak; aizkora eta harri-jasotze norgehiagokak eta iparraldeko jokoen erakustaldia izango dira (doan) 18:00etan. 

Erromeria giroan

Bestalde, berritasunik ere izango da aurten. Feria eguna ostirala izanik, hain zuzen, auzolanean antolatutako ospakizuna beste batzuetan baino gehiago luzatuko dela aurreratu dute. Afaria eta erromeria izango dira Hostalean, Imanol Intxausti eta Iñaki Larrañaga trikitilariekin. Erreserba egiteko jatetxera (943 19 90 06 - 943 19 90 08) deitu beharko dute herritarrek.

Ohi bezala, Itziarrera gerturatzeko garraio publikoa erabiltzeko erraztasunak izango dira aurten ere. Autobusak izango dira Debatik eta Zumaiatik, eta Txitxarroko aparkalekuan ibilgailuak lagatzeko lekua egongo da; feriara joateko doako autobus zerbitzua eskainiko dute.