Gipuzkoako Herri Txikietako Areto Futbol Ligan parte hartuko du aurten ere Itziarrek

Berriketan 2024ko urr. 25a, 10:19

Arg.: Tolosaldeko Ataria

Bost talde lehiatuko dira ligan; asteburuan jokatuko dituzte lehen bi jardunaldiak.

Gipuzkoako Areto Futbol Elkarteak (GAEL) egunotan aurkeztu du Gipuzkoako Herri Txikietako Areto Futbol Liga eta bertan ariko da iaz lehia horretan lehen aldiz parte hartu zuen Itziarko taldea.

Asteburuan emango zaio hasiera lehiari eta, aurkezpenean azaldu dutenez, berritasunak izango dira. Aurreko urteetan gaztetxoekin ere egiten zen liga, baina oraingoan helduekin egingo dela aipatu dute. Eta horren zergatia azaldu du Jon Leunda GAELeko arduradunak: "Aurreko bi urteetan kopa formatuan jokatu da lehiaketa helduetan, eta aurtengoan asmoa da hori handitzea eta liga egitea" .

Eta txapelketaren arduradunen asmoa liga "sei bat talderekin abiatzea bazen ere", azkenean izena bostek eman dutela adierazi du Leundak: "Talde batzuk sortzear izan dira, baina ez dute beharrezko pertsona kopurua lortu eta, azkenean, deialditik kanpo geratu dira". Honakoak izango dira Itziarrekin batera lehian ariko diren taldeak: Ikaztegietako Kutturru, Itsasondoko Ijitoak, Bidania-Goiatz eta Leaburu-Txarama.

Liga eta Kopa

Ligari dagokionean, Bidania-Goiatzen jokatuko da lehen jardunaldia; larunbatean (urriak 26) izango da norgehiagoka, Bidania-Goiatz eta Leaburu-Txarama artean, 19:00etan hasita. Bigarren jardunaldia, berriz, igandean (urriak 27) izango da, Itsasondon; 11:00etan hasiko da Itsasondoko Ijitoak eta Ikaztegietako Kutturru taldeen arteko partida.

Zehaztu dutenez, gainera, liga bi astetik behin jokatuko da. "Kirol amateurrean arazo handi bat dagoela ikusten da, izan ere, Gabonetatik aurrera taldeek jendearekin arazo asko izaten dituzte eta, hori ekiditeko, tarte hau utzi dugu. Ahal dela egutegia errespetatuko da, baina, behar izanez gero, aste bat aurreratu edo atzeratzeko aukera ematen digu honek".

Ligaren ondoren, berriz, Kopa jokatuko dela esan dute. Iragarri dutenez, hor berriro zabalduko dute izena emateko aukera, "talde berriren batek parte hartu nahiko balu ere".