'Auskalo zeinek jarriak' bertso jarrien saioa izango da Lasturren

Berriketan 2024ko urr. 15a, 09:36

Itziarko Auzo Udalaren ekimenez, bertso afari berezia izango da larunbatean (urriak 19) Lasturko tabernan. Salgai daude hitzordurako txartelak.

20:30ean izango da hitzordu berezia eta afaltzen dauden bitartean Eñaut eta Unai Agirre anaiek Auskalo zeinek jarriak bertso jarrien saioa eskainiko dutela zehaztu dute antolatzaileek. Emanaldian, besteak beste, bertso zahar zein berriak abestuko dituzte.

Afaritarako txartelak 25 euroan eskuratu daitezke eta horiek lortzeko azken eguna biharkoa (urriak 16) dela gogorarazi dute antolatzaileek. "Zerrendan izena emateko interesa dutenek Lasturko tabernara bertaratu edo 943 19 90 33 telefono zenbakira deitu beharko dute". Ondorengoa da afaritarako hautatu duten menua: entsalada nahasia, etxeko frijituak, txahal saiheskia eta etxeko flana. "Edaria eta kafea ere prezio horren barruan sartuta daude".

Antolatzaileek inguruko bertsozale guztiak gonbidatu dituzte saiora. "Animatu larunbat gauean Lasturrera bertso jarriak entzun eta afaltzera".