Basoko txoriei habia egiten laguntzeko eta animalia hauek hobeto ezagutzeko tailerra antolatu du Euskal Kostaldeko Geoparkeak. Irailaren 28an egingo da saioa, Lasturren, eta txori-habi bat jartzeko lekurik egokiena zein den, nola eseki behar den, eta nola mantentzen eta garbitzen den ikasteko aukera izango dute partaideek.
Lastur auzoko frontoiaren ondoan dagoen zelaian egingo da Basoko txoriak. Ingurumen-osasunaren lagungarri izeneko tailerra, 10:00etan hasita. Bertan, Geoparkeko Ingurumen koordinatzaile Gonzalo Torre biologoak gaiari buruzko azalpenak emango ditu eta hegazti txiki hauei nola lagundu azalduko du. Tailerra doakoa da, euskaraz egingo da, eta ordu eta erdi inguru iraungo du. Parte-hartzaileek habi-kutxa bat eramango dute gero etxera, nahi duten tokian jartzeko.
"Basoko txori txikiak ezinbestekoak dira basoak, baratzak eta fruta -edo laborantza- sailak osasuntsu mantentzeko", gogorarazi dute Geoparkeko arduradunek. "Bikote bakarra eta haren txitak denboraldi bakoitzean 25 kilogramo intsektu baino gehiago kontsumitzeko gai dira. Hala ere, leku askotan basoak urriak dira, azalera oso txikia dute eta txoriek —hala nola kaskabeltz handiak edo gerri-txori arruntak— habiak egiteko lekuak falta dira. Baina, haiei laguntzea gure esku dago basoan txorientzako habi-kutxak edo janlekuak jarriz eta mantenduz".
Tailerrean parte hartu nahi dutenek aurrez eman behar dute izena lotura honetan, Debako Turismo Bulegoan (aurrez aurre) edo 943 19 24 52 telefonoan (astelehenetik larunbatera 10:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 19:00etara; eta igandean, goizez bakarrik). Plazak mugatuak izango dira.