Berritasunekin dator abuztuaren 3an egingo den Itziar Trail proba

Berriketan 2024ko uzt. 29a, 11:00

Aurten zazpigarrenez lehiatuko den mendi lasterketaren bueltan egin beharreko guztiak jada prest dituzte antolatzaileek. Iragarri dutenez, abuztuaren 1ean itxiko da izen-ematea eta oraingo honetan zenbait berritasun izango ditu probak.

Kopraixen egitarauaren barruan, abuztuaren 3an jokatuko da VII. Itziar Trail proba. 16:00etan hasiko da aurtengo hitzordua eta, antolatzaileek iragarri dutenez, zenbait berritasun izango ditu. Horietatik nabarmenena txipdun dortsalen erabilera izango dela zehaztu du Txema Ponce lasterketaren talde antolatzaileko arduradunak: "Urtero zerbait hobetzen saiatzen gara eta, beste jauzi kualitatibo bat eman nahian, txipdun dortsalak erabiltzea erabaki dugu".

Gainera, dortsal horiek pertsonalizatzeko aukera egongo dela gaineratu du Poncek. "Korrikalariek beren izena jartzeko aukera izango dute. Hala, mendian dauden zaleek izen eta guzti animatu ahal izango dituzte parte hartzaileak".

"Probari bizitasun eta ikusgarritasun handiagoa eman nahian, korrikalariek herriguneari bira bat emango diote lehendabizi"

Ibilbideari dagokionean, ez da aldaketarik izango aurreko edizioekin konparatuz gero: antzeko ibilbidea (13,9 kilometroko luzera eta ia 1.000 metroko desnibel metatua) osatu beharko dute korrikalariek. "Aurten ere Zabalsoro frontoiaren parean hasi eta amaituko da proba; iaz egindako aldaketa horrek sekulako arrakasta izan zuen eta, beraz, aurten errepikatu egingo dugu". 

Bestalde, ibilbidearen hasierako metroetan moldaketa txiki bat egin dutela azaldu du Poncek. "Probari bizitasun eta ikusgarritasun handiagoa eman nahian, korrikalariek herriguneari bira bat emango diote lehendabizi".

Berritasunen artean, gainera, sariak ere "potoloagoak" izango direla zehaztu du antolakuntza taldeko kideak. Ohi bezala, lehenengo hiru gizon-emakumeek jasoko dute saria, baita helmugaratzen diren lehen itziartarrek eta lehen kilometroa azkarren gurutzatzen dutenek ere. "Hori bai, azken sari hori irabazi ahal izateko nahitaezkoa izango da proba bukatzea".

150 lagunera mugatua

Parte hartzaile kopurua 150 lagunera mugatuta dago aurten ere; beraz, izena emateko interesa duten korrikalari guztiei "garaiz" ibiltzeko aholkatu diete. "Parte hartu nahi dutenek kirolprobak.com atarira jo beharko dute; abuztuaren 1a da horretarako azken eguna. Egunean bertan ezingo da izenik eman".

Exijentzia maila ertaina duen lasterketa bat dela kontuan harturik, bertan parte hartzera gonbidatu dituzte mendiko lasterkari guztiak, baita goi mailakoak ere. "Herri mailako proba baten izaera galdu gabe, gure nahia da goi mailan dabiltzan kirolarientzat ere erakargarria izatea".