AP-8 autobideko zorua birgaitzen ari dira egunotan eta, hori dela eta, zati batzuetan mozketak egingo dituztela jakinarazi dute Gipuzkoako Foru Aldunditik. Azpimarratu dutenez, gauez egingo dituzte lanak, zirkulazioan ahalik eta gutxien eragiteko.
Gaur (uztailak 15) eta bihar (uztailak 16) artean, esaterako, Itziarko lotunearen adarretan egingo dituzte lanak eta, hortaz, 00:00etatik 05:00etara itxita egongo da autobiderako sarrera. Neurriok, gainera, toki berean dagoen zerbitzugunerako sarrerari (gasolindegia eta kafetegia) ere eragingo diotela esan dute.
Horrekin batera, Itziarko 54. irteera ere itxita egongo da behin-behinean. Kasu horretan, hiru orduz egongo da itxita; hau da, 00:00etatik 03:00etara. Alternatiba gisa, Zestoan irtetea gomendatu dute. Aldundiko iturriek jakinarazi dutenez, soilik Bilborako noranzkoan moztuko dute zirkulazioa. Hau da, Behobiako noranzkoa normaltasunez erabili ahal izango dute herritarrek.