Lur-jausi batek arazoak eragin ditu Itziarko Presalde auzoan

Berriketan 2024ko uzt. 3a, 11:47

Bidea alderik alde lurrez beteta geratu zen. ITZIARKO AUZO UDALA

Euriak bere aurpegi zakarrena erakutsi du beste behin ere. Ostiral (ekainak 28) gauean eta larunbat (ekainak 29) goizean atertu gabe egin zuen euria eta horrek kalte handiak eragin zituen eskualdeko zenbait lekutan, baita Itziarren ere. 

Arantza Egaña Itziarko Auzo Udaleko alkateak adierazi duenez, euriak Presalde auzoan eragin zituen kalte handienak. Zehaztu duenez, Zubeltzu Torre ganadutegi eta nekazalturismora eta Uxarrua baserrira doan landa bidearen gainaldeko zelaiko lurra ur gehiago xurgatu ezinda geratu zen, eta ondorioz, bidera erori zen. "Lur-jausiak, hasiera batean, errepideko bide bat hartu zuen. Auto bat pasatzeko beste leku zegoen, baina bigarren lur erauntsi batek lurra bide osoan zehar zabaldu zuen eta, ondorioz, guztiz itxita geratu zen". 

Egoeraren "larritasuna" ikusirik, auzo udaleko ordezkariek Debako Udaltzaingoari abisua eman zioten. Lurra erretiratzeko eta gutxienez pasabide bat uzteko, gainera, Azkoitiko Lagunak enpresako langileei deitu zietela esan du Egañak. "Astelehenean (uztailak 1) amaitu zituzten lurra bidetik kentzeko lanak eta, guztira, 22 kamioikada lur atera zituzten". 

Lurra kendu ondoren, Presalde auzoko bideak erakusten duen itxura. ITZIARKO AUZO UDALA
 

Arazoa konpondu bada ere, etorkizunera begira gai horri heltzeko neurriak hartuko dituztela jakinarazi dute auzo udaletik. "Gure asmoa da teknikariaren bidez neurriak hartzea, halakorik berriro gertatu ez dadin".