Josu Martinezek zuzendutako fikziozko luzemetraia da Bizkarsoro eta, zuzendariak berak laburbildu duenez, "euskararen aurkako zapalkuntzari aurre egiteko tresnak badaudela erakusteko pelikula bat da”. Hala dio sinopsiak: "Bizkarsoro herria ez da existitzen eta, era berean, Euskal Herriko edozein herri izan daiteke Bizkarsoro. Bizkarsorotarrak fikziozko pertsonaiak dira eta, era berean, euskaraz bizitzeagatik jazarriak izan diren euskaldun guztiak dira Bizkarsorotarrak. 1914tik 1982ra bitartean gertatzen diren bost istoriok osatzen dute filma. Ahozko lekukotzetan eta idatzitako testuetan oinarritutako fikziozko bost istorio dira, bost hamarkadatako kontakizuna".
Filma Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten irailean eta, ondoren, herriz herriko bideari ekin zion urtarrilean. Oraingo honetan, gaur (ekainak 19), Itziarren egingo du geldialdia. Burugorri Gainean izango da proiekzioa, 19:00etan. Behin filma ikusitakoan, gainera, filmeko lantaldeko kide batekin solasaldia egingo dutela jakinarazi du Itziarko Auzo Udalak.