Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Debako Udaleko iturriek jakitera eman dutenez, aldaketak egin dituzte Itziarko geralekuan. Zehaztu dutenez, Donostiara eta Zumaira doazen DB03 (Lekeitio eta Donostia batzen dituen linea) eta DB05 (Ondarroa eta Zumaia batzen dituen linea) lineetako autobusak Itziarko Hostala jatetxe pareko edukiontzien ondoan txukundu duten markesina berrian geratuko dira aurrerantzean. Autobusak, gaur (ekainak 17) hasi dira markesina berrian geratzen eta azaldu dutenez, norabide bietan geldituko dira. Nabarmendu dutenez, zerbitzua orain arte bezala izango da; hau da, lehengo maiztasun eta ordutegi bera izango ditu.
Azahara Dominguez Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuaren iritziz, autobusaren zain egoteko "toki irisgarriago, erosoago eta seguruago bat" izango dute erabiltzaileek aurrerantzean. "Zerbitzua herritarren benetako premietara etengabe egokituz soilik lortuko dugu garraio publikoaren erabiltzailea fidelizatzea. Eta garraio publiko iraunkor, eroso, irisgarri eta kalitatezkoaren aldeko apustua eginez bakarrik egingo dugu aurrera Gipuzkoa kohesionatuago eta bidezkoago baterantz".
Alazne Txurruka Debako alkatea ere pozik agertu da. Bere esanetan, geltoki aldaketa "aurrerapauso handia" da herritarren bizi-kalitatea hobetzeko. "Kokapen berriak, markesina berriarekin batera, geldiune seguruagoa eta irisgarriagoa eskainiko die garraio publikoaren erabiltzaileei. Beraz, ekintza honek, herritarren eta, bereziki, autobus erabiltzaileen erosotasuna eta segurtasuna hobetzeaz gain, garraio publiko iraunkorraren erabilera sustatzen du, Deba hobeto konektatuta egon dadin lagunduz".
DG06 lineako autobusak ez dira geldituko Itziarren
Bestalde, bi erakundeek jakinarazi dute Eskoriatza eta Deba batzen dituen DG06 lineako autobusak ez direla Itziarren geldituko. Linea horrek soilik udan (uztailaren 1etik abuztuaren 31ra) ematen du zerbitzua, eta Itziarren egin izan ohi duen geldialdia kentzea erabaki dutela esan dute.
Bi erakundeek iragarri dutenez, linea horrek ibilbidearen puntu horretan duen eskariak ez du justifikatzen geldialdia egitea. Hori dela eta, bi erakundeak ados agertu dira geldialdia bertan behera uztearekin. "Eten hori uztailaren 1etik aurrera izango da eraginkorra, zerbitzu hori martxan jartzen denean".