Gipuzkoako 53. Hiru Txirlo Bola Joko Txapelketari amaiera emateko, bolarien artean "estimazio handia" duen Lehendakari Saria jokatu zuten aurreko larunbatean (ekainak 1) Lasturren. Hamar jardunaldiren ostean, txapelketaren sailkapen orokorrean lehen 64 postuetan sailkatutako bolariek parte hartu zuten norgehiagokan eta horien guztien artean San Migel taldeko Unai Loiola elgoibartarra gailendu zen.
Asola Berri taldeko Sergio Rodriguez izan zen txapeldunorde eta Elgeta taldeko Bittor Astigarraga hirugarren. Laugarren postua, berriz, UDAko Gartzi Gorosabelek eskuratu zuen.
Bazkaria eta omenaldia
Lehendakari Saria jokatzen amaitu ondoren, bolariek elkarrekin bazkaldu zuten Lasturko tabernan. Bazkalostean, Gipuzkoako 53. Hiru Txirlo Bola Joko Txapelketaren sariak banatu zituzten eta, ohi den moduan, omenaldia ere egin zuten.
Bixente Zulaika lasturtarra, Felix Gomez Beltza eta Mari Carmen Olabe izan dira aurtengo omenduak, hiru txirlo munduari egin dioten ekarpenagatik.