Abian da Gael elkarteak antolatutako Gipuzkoako Herri Txikietako Areto Futbol Txapelketa. Aurtengoa bigarren edizioa da eta antolatzaileek azaldu dutenez, gizonezkoen heldu mailako lau taldek bakarrik erabaki dute bertan parte hartzea, tartean, Itziarkoak; ondorioz, zuzenean finalerdiak jokatu dituzte joan-etorrira.
Lau parte hartzaileek aurreko ostiralean (maiatzak 24) jokatu zituzten joaneko partidak eta Itziarrek porrotarekin egin zuen estreinaldia; Aizarnazabalgo pilotalekuan jokatutako neurketa 5-2 galdu zuten etxekoen aurka. Aizarnazabalgo taldea jaun eta jabe izan zen kantxan eta itziartarrek partida orekatzeko ahalegina egin bazuten ere, ezin izan zuten markagailua irauli.
Hil ala biziko partida
Asteburu honetan izango du jarraipena txapelketak. Itziarrek eta Aizarnazabalek, esaterako, gaur (maiatzak 31) jokatuko dute itzulerako partida; 19:15ean izango da neurketa, Zabalsoro frontoian. Erabakigarria izango da gaurko norgehiagoka, izan ere, finalerako txartela dago jokoan.
Joanekoan 2-5 galdu ostean, finalera iristea ez da lan erraza izango etxeko taldearentzat, baina ezta ezinezkoa ere. Horretarako, Aizarnazabalgo taldea garaitu beharko dute, eta joaneko partidan aurkariek lortutako hiru goleko errenta iraultzea izango da helburua. Eta erronka gainditzeko zaleen laguntza "ezinbestekoa" izango dela azpimarratu dute; pilotalekuko harmailak betetzera deitu dituzte herritarrak.