ELKARRIZKETA

Maitane Beristain: “Sekulako poza ematen digu auzoan bertan dugun altxor paregabe honetaz denok gozatu ahal izateak”

Berriketan 2024ko mai. 3a, 11:30

Gaur egun, oso errota gutxi mantentzen dira zutik eta are gutxiago dira oraindik ere funtzionamenduan daudenak. Gipuzkoan martxan jarraitzen duten instalazio hidraulikoetako bi Lasturko San Nikolas auzoaren bihotzean daude. Maitane Beristain (Lastur, 1980) da ondarearen ikuspegitik "erlikia" diren Plazaolako erroten "sekretuak" ezagutarazteaz arduratzen den pertsonetako bat; hogei bat urte daramatza zeregin horretan.

Beristainen iritziz, "auzoaren nortasunaren parte" dira Plazaolako errotak ere. "Lasturtarra naizen aldetik, beti maite izan ditut", azpimarratu du harrotasunez. Plazaolakoak, beste asko bezala, aurreko mendeko 60. hamarkada inguruan sartu ziren gainbeheran, baina auzotarrek eta eraikinaren jabe berriak egindako ahaleginari esker, duela 35 bat urte berreskuratu zituzten. Ordutik, eta Gaztañaga errekastoaren uraren indarrari esker, arto-irina ehotzeko gaitasuna du instalazioak.

Kontaguzu, Maitane, noizkoa den Plazaolako errota hauei buruzko lehen aipamen historikoa. 
Alfonso XI. Espainiako erregeak Burdinolen Forua deritzona eman zuen 1335. urtean; hortxe dugu Lasturko Plazaola izenarekin gure burdinolei buruz agertzen den lehen aipamen historikoa. 

Eta ba al dakizue nork eraiki zituen edo nork eman zuen eraikitzeko agindua? 
Egia esan, ez dakigu nork egin zituen Lasturko Plazaola eraikitzeko lanak, baina hau ere Itziar eta Deba sortu zituzten jauntxoek beren jabetzetan industriari begira agindutako lanetako bat izango zela pentsatzen dugu. Gaiari buruz gutxi dakigun arren, hasiera batean Lasturko burdinolak Debako Irarrazabaltarrenak izango zirela uste dugu, nahiz eta gerora aldatzen joan horien gaineko eskumena zuten jauntxoak. 

“Ura zegoen herri guztietan zeuden errotak; kasu askotan, bat baino gehiago zeuden. Lasturren, Ugarte Zaharretik hasi eta plazara bitartean halako zazpi eraikin omen zeuden”

Ziurrenik, instalalazio hauei buruzko beste hainbat datu eta lekukotza jasotzeko aukera ere izango zenuten urteotan. Ba al dago bereziki deigarria iruditu zaizuen daturik?
Historialarien zein bertakoen aipamen asko jaso ditugu; izan ere, errotak gure tradizioari eta kulturari atxikitako tresnak izan dira. Datu historiko ugari topatu eta bildu ditugu eta, aldi berean, errotariarekin egindako tratuen edo estraperlo garaiko istorioen berri ere izan dugu. Besteak beste, astoarekin irin zakuak kargatzerakoan etxera bidean izandako abenturen berri eman digute.

Plazaolakoak errota bezala ezagutzen ditugu gaur egun. Zer zerikusi dute burdina lantzeko eta ekoizteko erabiltzen hasi ziren lehen eraikin haiek oraingoekin?
Orain ezagutzen ditugun errota asko aspaldiko burdinola hidraulikoen ondorengoak dira. Burdinoletako ekoizpena oso mugatua zen eta XVI. mende bukaera inguruan labe garaiak eraikitzen hasi zirenean, minerala lantzeko eta ekoizteko lantegi txiki horiek zaharkituta geratu zirenez, ibaietako eta erreketako uraren indarraz ekoizten zen energia hori guztia errotetan lan egiteko baliatzen hasi ziren. Lasturren ere bai. 

Inguruotan, adibidez, zer nolako garrantzia izan zuen errotagintzak?
Ura zegoen herri guztietan zeuden errotak; kasu askotan, bat baino gehiago zeuden. Lasturren, Ugarte Zaharretik hasi eta plazara bitartean halako zazpi eraikin omen zeuden. Aipatutako instalazio hidrauliko horietako gehienen arrastoak galduta daude, baina Goikola baserriaren sailetan, erreka ondoan, errota izandakoaren arrastoak atzeman dituzte.

 

 

Behin errota bihurtuta, zein izan zen Plazaolako erroten eginkizun nagusia?
Lasturko bi instalazio hidrauliko hauen zeregin nagusia zereala ehotzea izan da. Goiko errotan, harri bakarra dagoenez, artoa bakarrik ehotzen zen. Behekoak, berriz, bi harri ditu eta artoa ez ezik, garia ere ehotzen zuten bertan. Gaur egun, horietako bat erabiltzen dugu gehienbat eta bertan arto-irina bakarrik ekoizten da.

Non edo zertarako erabiltzen zen bertan ekoizten zen irina, Maitane?
Esan genezake inguruko baserrietan kontsumitzeko izaten zela; garai haietan, auzotarrek inguruan zituzten errotak erabiltzen zituzten elikagaia lortzeko. Garia ere lantzen zen inguru hauetan, baina artoa, babarrunarekin batera, urte askoan bertoko baserritarren oinarrizko elikagaia izan zen. Beraz, inguruko errotek funtzio oso garrantzitsua betetzen zutela nabarmendu genezake. 

Antzeko instalazio batzuek berezitasunak izaten dituzte. Hauek ere bai?
Bai, noski! Bitxikeria gisa aipatu dezakegu beheko errotaren harrietako bat ez duela energia hidraulikoak mugiarazten.

Eta zer energia mota erabiltzen da horretarako?
Garia ehotzen duen errotarria argindarrarekin jartzen zen martxan; artoa txikitzen duena, berriz, urarekin.

Plazaolako bi errota hauek beti egon dira martxan, edo itxita egon dira noizbait?
Lasturko errotak aurreko mendeko 60. hamarkada inguruan sartu ziren gainbeheran; baserrietan arto- eta gari-irina egiteari utzi zioten eta, ondorioz, errotak ere ixten hasi ziren. Larrañagatarrek (Palo familiakoek) kudeatu zituzten bertoko errotak itxierara arte; izan ere, tabernaren jabetzak berekin zekarren erroten ardura ere hartzea.

“Larrañagatarrek kudeatu zituzten bertoko errotak itxierara arte; izan ere, tabernaren jabetzak berekin zekarren erroten ardura ere hartzea”

Eta, itxi ondoren, noiz berreskuratu zenituzten?
Orain dela 35 urte inguru, auzoan mugimendu berezi bat sortu zen: Izarraitz Bizirik elkartea. Horrekin batera, garai beretsuetan, Lasturko taberna eta errotak ere jabe berriak izatera igaro ziren. Eta auzoko mugimendu eta indar desberdinak batu ondoren, gure nortasunaren parte diren errotak berriz ere martxan jartzea lortu zen.

Euskal Herrian, gutxi dira zutik jarraitzen duten errotak, eta are gutxiago martxan daudenak. Zer garrantzi du zuentzat auzokoak funtzionatzen jarraitzeak? 
Herritar askoren artean gauzatu den egitasmo honek poz handia ematen digu, eta harro gaude. Gure tradizioaren, bizimoduaren, kulturaren, ohituren... parte izan dira garai batean industriari begira sortutako errota horiek, eta beren inguruan ibili edo hezi garenoi are poz handiagoa ematen digu halako altxor bat martxan ikusi ahal izateak.

Zoritxarrez, errota asko desagertzeko zorian egon dira. Zuentzat hain baliotsua den kultur ondare honi behar besteko garrantzia ematen al zaio?
Askotan ez gara gure ondareaz jabetzen. Hauek mantentzea ez da batere lan erraza eta, gaur egun errotetatik inolako etekin ekonomikorik ateratzen ez bada ere, lortzen den irabazia oso bestelakoa dela esan genezake; gaur egun, errotak erromantizismoaren antzeko sentimendu bati esker mantentzen ditugu, eta bertatik lortzen dena sentimenduz beteriko mozkina dela esan genezake. 

Aste gutxi barru ospatuko da Gipuzkoako Erroten Eguna. Nola ikusten dituzu halako egitasmoak?
Oso garrantzitsuak direla iruditzen zait. Alex Rotetak lan itzela egin du egitasmo hau martxan jartzen eta, elkarrekin sare moduko bat sortzeko ez ezik, beste  jende baten interesa pizteko ere balio izan du.

 

 

Lasturko erroten garrantzia azpimarratzeko asmoz, hainbat ekintza antolatzen dituzue.
Errotarekin martxan jarraitzeko eta daukaguna mantendu ahal izateko, garrantzi handia ematen diogu kultur ondarea ezagutzera emateari. Gaur egun, Jose Luis Garmendia da errotaria eta eraikinaren jabea, eta bera arduratzen da instalazioen mantentze-lanez, garia ehotzeaz... eta horrek dakarren guztiaz. Jose Luisekin elkarlanean, gainera, tailerrak eta bestelako ekintza batzuk antolatzen ditugu, eta bertara hurbiltzen den orori instalazio hauek martxan ikusteko aukera eskaintzen diogu. Gu guztion helburua da bertan dugun ondarea ezagutaraztea eta, horregatik, ateak zabalik izaten ditugu bertara datozen bisitarientzat.

Tailerrak antolatzen dituzuela aipatu berri duzu. Nori zuzenduta dago eskaintza hori?
Eskolekin, bestelako talde batzuekin, familiekin... ibiltzen gara lanean, baita beren kabuz datozen bisitariekin ere. Egia esan, sekulako poza ematen digu auzoan dugun altxor paregabe honetaz denok gozatu ahal izateak.

“Auzoko mugimendu eta indar desberdinak batu ondoren, gure nortasunaren parte diren errotak berriz ere martxan jartzea lortu zen”

Nolakoak izaten dira bisitak edo tailerrak? 
Taldearen arabera moldatzen edo egokitzen ditugu beti, baita adinaren arabera ere. Batzuetan, bisita soilak izaten dira eta, errota hauen historia gertutik ezagutzeko aukera emateaz gain, instalazioak ere martxan jartzen ditugu. Beste batzuetan, berriz, bertan ekoizten dugun arto-irinarekin talo tailerrak ere antolatzen ditugu.

Zer ikusten (edo egiten) dute partaideek? 
Errota zaharrean arto-irina nola egiten den erakutsi eta, artoa eho ondoren, irin horrekin taloak prestatzen irakasten diegu bertara datozenei. Amaitzeko, taloak sutan prestatu eta txistorrarekin dastatzen ditugu. Egia esan, polita da bakoitzak egindako lanarekin gozatzea eta, gainera, talo eder bat jatea.

Zer gehiago ikas daiteke errotak bisitatuz? Zer nabarmenduko zenuke zuk?
Garai bateko lanbide tradizionalen, bizimoduaren, ohituren... berri izateko aukera ematen digute errotek. Era berean, gure ahaideek inguruan eskura zituzten baliabideekin (ura, gure kasuan) nola lan egiten zuten azaltzeko edo nola bizi ziren erakusteko ere balio dute.

Amaitzeko, Maitane, bisitan datorkigun jendeak badaki zer "altxor" dugun bertan?
Nik uste dut baietz, guk badakigula zer dugun eta etortzen denak ere asko gozatzen duela bertan; askotan zoriondu gaituzte halako instalazio historikoek oraindik ere martxan jarraitzen dutelako.