Moldaketekin, baina ohiko osagaiekin dator Itziarko Erromeria Eguna

Berriketan 2024ko api. 29a, 12:54

Urteroko ohiturari jarraituz, Andutz Itziarko Kultur Taldea eta Itziarko Auzo Udala arduratu dira maiatzaren 4an izango den hitzordua antolatzeaz. Itziarko trikitilari eta panderojole gazteei ere herrian bertan jotzeko aukera ematea izango da aurten hamalaugarrenez ospatuko den Erromeria Egunaren helburu nagusia.

Antolatzaileek jakitera eman dutenez, guztia prest dute maiatzaren 4an ospatuko den festarako. Hamalaugarren Erromeria Eguna izango da aurtengoa eta, aurreko urteetan deialdiak izan duen "arrakasta" ikusita, oraingoan ere "egitarau ederra" antolatu dute. Erromerien munduan "errotzen hasita dagoen festa" dela kontuan izanik, aurten ere jendetza espero dutela iragarri dute. "Ospatu den bakoitzean Euskal Herriko txoko ugaritatik jende andana batu izan da".

Egitarauak aurreko urtekoen ildotik jarraituko duela azpimarratu dute antolatzaileek, baina, udaletxeko eraikinean egiten ari diren lanak tarteko, moldaketak egin behar izan dituztela zehaztu dute. Hala ere, egitarau "paregabea" prestatu dutela diote. 12:00etan ekingo diote egitarauari; plazatik abiatuta, Zubietako joaldunak eta Itziarko Trikiti Eskolako ikasleak kalejiran ibiliko dira eta eurekin batera Andutz dantza taldea ere irtengo da. Ordubete beranduago (13:00etan), berriz, emanaldia eskainiko du Itziarko dantza taldeak.

Bazkaltzeko atsedenaldiaren ondoren, 18:00etan berrekingo diote egitarauari. Ordu horretan, erromeria izango da frontoian. Antolatzaileek aurreratu dutenez, honakoa da ekitaldia girotzen ariko den trikitilarien zerrenda:

  • Aitziber Arruabarrena eta Aritz Erasun.
  • Daniel Oiarbide eta Pello Urdangarin.
  • Jon Ostolaza eta Rakel Pujana.
  • Nagore Zulaika, Uxue Aranguren eta Sara Osa.
  • Elaia eta Jare Izagirre.

Egitaraua biribiltzeko, erromeri-afaria izango da trikitilariekin; 21:30ean izango da hitzordua, Bikain jatetxean (943 19 93 70). "Inguratzen den trikitilariak era librean jotzeko aukera ere izango du". Otordurako txartelak jatetxean bertan eskuratu ahal izango dira, 25 euroren truke.

Erromeria Egunaren helburuak

Andutz Kultur Taldearen esanetan, aurten hamalaugarrenez egingo den Erromeria Egunaren helburua da Itziarren eta inguruan hain ohikoak ziren erromeriak gogoratzea eta omentzea. "Erromeriak ziren aurreko belaunaldien sozializaziorako bilgunerik garrantzitsuenetakoak. Festa edo bilkura horien funtsa hainbat herri, auzo eta bailaretako herritarrak biltzea izaten zen; gerraosteko garaietan biltzeko eta harreman sozialak lantzeko espazioak urriak zirenez, erromeriak aitzakia paregabea ziren horretarako".

Gaineratu dutenez, "musikaz eta dantzaz gozatzeko aukera" ere ematen zuten erromeriek. "Euskal kultura tradizionalaren sostengu ere izan ziren, hein batean. Garai hartako gizon-emakumeak irrikaz egoten ziren erromerietara joateko".

 

EGITARAUA

  • 12:00. Zubietako joaldunen, Itziarko Trikiti Eskolakoen eta Andutz dantza taldekoen kalejira, plazatik abiatuta.
  • 13:00. Itziarko dantzariak.
  • 18:30-21:00. Erromeria frontoian, honako trikitilariekin:
    • Aitziber Arruabarrena eta Aritz Erasun.
    • Daniel Oiarbide eta Pello Urdangarin.
    • Jon Ostolaza eta Rakel Pujana.
    • Nagore Zulaika, Uxue Aranguren eta Sara Osa.
    • Elaia eta Jare Izagirre.
  • 21:30. Erromeri-afaria, Bikain jatetxean.