Izarraitz Bizirik elkarteak antolatuta, Talo Eguna ospatuko da beste behin ere igandean (apirilak 14), Lasturren. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, goizetik hasi eta iluntzera arte iraungo duen egitarauak aurreko urteetako eskaintza berdintsua izango du, baina berritasunik ere izango du aurtengo hitzorduak. Argitu dutenez, aurten ez da ohiko iluntzeko erromeriarik egongo. Hori bai, trikiti eta pandero doinuek egun osoa alaituko dutela azpimarratu dute; Imanol eta Iñaki trikitilariak arduratuko dira lan horretaz.
Egun osoan, taloa dastatzeko aukera egongo da. Bertaratzen direnek Lasturko tabernaren atzean propio ipinitako txapetan auzotarrek prestatutako taloak jateko aukera izango dute. Errota ere martxan egongo da eta, beraz, nahi duten guztiek instalazioak nola funtzionatzen duen ikusi eta irin mota ezberdinak nola egiten diren ikusteko aukera izango dute.
Auzoko Albara ganadutegikoek ere larrebehien erakustaldia egingo dute eguerdian; 12:30ean izango da hitzordua, plazan. Nahi dutenek, gainera, auzo bazkarian parte hartu ahal izango dute; bazkariari buruzko informazio gehiago izateko, 943 19 90 33 telefono zenbakira deitu daiteke.