Areto futbol talde bat osatzeko jokalari bila ari dira Itziarren

Berriketan 2024ko api. 10a, 12:26

Itziarko Auzo Udalak Gipuzkoako Herri Txikietako Areto Futbol Txapelketan parte hartzeko gonbidapena jaso du, eta asmoa da txapelketan parte hartu ahal izateko heldu mailako talde bat osatzea.

Deitzaileek sare sozialen bidez zabaldutako deialdian azaldu dutenez, 16 urtetik gorako neskak zein mutilak behar dituzte taldea osatzeko. Are gehiago, jokalariak ez ezik, taldea zuzentzeko entrenatzaileak ere beharko dituztela gaineratu dute. Iaztik heldu mailan jokatzen den txapelketa ofizialeko partidak noiz jokatuko diren ere iragarri dute. Zehaztu dutenez, maiatza eta ekaina bitartean izango dira norgehiagokak, izena emanda dauden taldeen artean.

Interesatuta egon daitezkeen guztiei luzatu diete taldera batzeko gonbidapena. "Ea itziartarron artean taldea sortzea lortzen dugun". Jakitera eman dutenez, izena emateko nahikoa izango da itziarkogazteasanblada@gmail.com helbide elektronikora idaztea; astelehena (apirilak 15) da horretarako azken eguna.