Berrikuntza lanak egin ondoren, Itziarko Auzo Udalak lizitaziora atera du herriko taberna-kafetegiaren zerbitzua ustiatzeko kontratua. Auzo udal iturriek zehaztu dutenez, irekita dagoen lizitazio prozesuaren xede nagusia da "Burugorri Ostatuak ateak zabaltzea eta lokalaren kudeaketarako eskaintzarik onena hautatzea". Taberna-kafetegiaren ustiapenaz arduratzeko interesa dutenek Eusko Jaurlaritzaren kontratazio guneko honako loturan sartuta aurkeztu ahal izango dituzte proposamenak; apirilaren 19a da horretarako azken eguna.
Lizitazioaren pleguetan azaltzen denaren arabera, instalazioa taberna-kafetegi ustiapenerako erabili ahal izango da soilik, eta indarrean dauden ordutegi eta arauak bete beharko ditu. Auzo udal iturriek gogorarazi dutenez, honako lizitazio prozesua aukera bat izan daiteke "ostalaritzaren sektorean ikuspegia eta esperientzia duten" enpresentzat edo pertsonentzat eta Itziarren "dinamismo kultural eta soziala sustatzeko" interesa dutenentzat.