Inguruko natura ezagutzeko egitasmoaren baitan, hegaztiak behatzeko ibilaldi hezitzailea antolatu du Debanatura Ingurumen Heziketa elkarteak iganderako (apirilak 7). 09:00etan, Itziarko Zabalsoro frontoiaren parean elkartu eta, handik, Andutz mendira joateko asmoa agertu dute antolatzaileek. Zehaztu dutenez, Andutz mendian ibiltzen diren hegaztiak ezagutzea da proposamenaren helburu nagusia eta, aldi berean, txoriekiko zaletasuna eta, oro har, naturarekiko zaletasuna sustatzea eta hegaztien behaketaren oinarriak erakustea.
Hain zuzen, udaberrira begira martxan jarri duten mendi-txoriak programaren harira antolatu dute jarduera eta aurreratu dutenez, hiru ordu inguruko iraupena izango du. "Bertan, metodo zientifikoan oinarritutako hegaztiak behatzeko oinarrizko formazioa emango dugu. Besteak beste, mendi inguru hauetan zer motatako hegaztiak ikusi ahal diren, horiek identifikatzeko irizpideak eta gakoak, hegaztien portaerak eta bitxikeriak eta behaketa erregistratzeko erak azalduko ditugu".
Edukiera mugatua
Irteera, batez ere, elkarteko bazkideei zuzenduta dagoela esan dute, baina gaian interesa duen edonor ere parte hartzera gonbidatuta dagoela gogorarazi dute. Parte hartzea doakoa bada ere, izena aurrez ematea ezinbestekoa dela esan dute; izan ere, edukiera mugatua izango du saioak. "Talde txiki bat osatuko da". Interesa dutenek debanatura@hotmail.com posta elektronikora idatzi edo 695 78 36 56 telefono zenbakira deitu edo idatzi dezakete.
Prismatikoak eramateko ere gomendatu dute eta, ahal izanez gero, eBird, Ornithos eta iNaturalist aplikazioak ere jaisteko mugikorrean.