'Ez gara jaitsiko!' ikuskizuna eskainiko dute Pirritx, Porrotx eta Marimototsek Itziarren

Berriketan 2024ko api. 4a, 12:53

Apirilaren 13an izango da pailazo talde ezagunaren emanaldia; 18:00etan hasiko da saioa, Zabalsoro frontoian. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, agortzear daude sarrerak.

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek aurten ere geldialdia egingo dute Itziarren. Lizarbe Guraso Elkarteak eta Itziarko Auzo Udalak iragarri dutenez, natura eta planetaren zaintza ardatz duen Ez gara jaitsiko! ikuskizun berriena aurkeztera etorriko dira hiru pailazoak. "Dibertsioz eta algaraz beteriko" emanaldia, zehazki, apirilaren 13an eskainiko dute Zabalsoro frontoian. 18:00etan jarri dute hitzordua, baina frontoiko ateak saioa hasi baino ordu erdi lehenago zabalduko direla aurreratu dute.

Ikuskizunak 70 minutu inguruko iraupena du, eta pailazo hirukoteak Ez gara jaitsiko disko eta libururako Xabi Zabalak eta Leire Bilbaok eginiko hainbat abesti eskainiko ditu. Hemen antzezlanaren aurrerapena: "Marimotots zuhaitz baten adaburura igo da, han goitik lurra hobeto ikusteko. Pirritxek eta Porrotxek atzetik jarraituko diote. Eta zuhaitzez zuhaitz eta adarrez adar, espero gabeko lekuetara helduko dira”.

Sarrerak eta baldintzak

Antolakuntzak ohartarazi duenez, sarrera nahitaezkoa izango da, "ikuslearen adina edozein" dela ere. Txartelak 8 euroan daude eskuragarri, Itziarko harrera bulegoan (09:00-15:00), eta agortzear daudela esan dute. "Gutxi batzuk geratzen dira". Gaineratu dutenez, pertsona bakoitzak gehienez ere bost sarrera erosi ahal izango ditu eta horiek esku-dirutan ordaindu beharko dira. "Hauek ez dira zenbakituak izango, beraz, eserlekuak libreak izango dira".

Informazio gehiagorako, 943 19 92 55 telefono zenbakira deitu daiteke.