Balorazio positiboa egin dute antolatzaileek, eta pozik agertu dira hitzorduak izan duen harrerarekin eta egun horren bueltan Itziarren sortutako giroarekin. "Egitarau xumea prestatu genuen arren, herritarrek erantzun ederra eman zioten deialdiari. Inguruko herrietatik ere gerturatu zen jendea; debar asko ikusi genituen gure artean, bai oholtza gainean, bai txosnako barraren kanpoaldean. Egia esan, eguraldiaren, auzo udalaren eta herritarren laguntzarekin, egun zoragarria pasa genuen azkenean. Sarritan ez dugu askorik behar lagunartean egun polit bat pasatzeko".
Egitarauari dagokionean, jai giroa eta umore ona izan ziren nagusi egun osoan. 10:00etan plazan elkartu eta mendi irteerarekin eman zioten hasiera egunari, eta ondorengo orduetan musikaz girotutako karropoteoa, Zabalsoro frontoian egindako bazkari herrikoia, bingo musikatua... izan zituzten aukeran. Elektrotxufla taldea aritu zen gero kalez kale, eta Debako Ñozz musika taldeak kontzertua eman zuen gauean, festa ordu txikitan amaituz.
Ohiturei eutsiz, oraingoan ere ez zen mozorrorik eta irudimenik falta izan Itziarren, eta herritarrek umorez eta kolorez jantzi zuten berriz ere Kardantxulo Eguna. Mozorrotzeko gai ezberdinak proposatzen dituzte urtero eta aurtengo deialdian baratzea izan da gaia. Antolatzaileen esanetan, bizilagun batzuek mozorro originalak prestatu zituzten; tartean ziren, adibidez, negutegian hazten ari den tomatea edota protesta egitera doazen traktoreak.
"Zalantza asko bidean"
Egunak emandakoarekin pozik egon arren, asanbladako kideek azaldu dute aurtengo hitzordua "apur bat ezberdina" izan dela antolaketa lanei dagokienean. Are gehiago, diotenez, "zalantza asko izan ditugu bidean. Izan ere, ez da erraza izan eguna aurrera ateratzea".
"Iaz zentrua goitik behera bota zuten, eta bertan parranda gehiago ezingo genuela egin esan ziguten. Hori gutxi ez balitz bezala, aurreko urteetan ospakizunerako karpa handia jarri izan dugu herriko plazan, baina aurten ez dagoela erabilgarri ikusi dugu. Eta ez ahaztu herriko taberna ere itxita dagoela orain momentuan. Egoera ikusita, asanbladako kideok larritasun sentimendua besterik ez geneukan", aitortu dute gazteek. "Hala ere, indarrak batu eta lortu genuen tunel amaierako argi izpi bat ikustea! Beraz, gogor ekin genion eguna antolatzeari". Oztopoak oztopo, lortu dute helburua. Eta gustura daude emaitzarekin.