Bihar amaituko da Lasturko Mendi Martxan izena emateko epea

Berriketan 2024ko mar. 11a, 12:13

Igande honetan (martxoak 17) egingo da Geoparkeko Karstaren Bira VII. Lasturko Mendi Martxa. Antolatzaileek azaldu bezala, aurten ere bi ibilbide izango dira aukeran, eta inskripzioak hilaren 12an (bihar) amaituko dira. Jadanik 302 lagunek eman dute proban parte hartzeko izena.

Igandean goizean goiz, 07:30ean, ekingo zaio Geoparkeko karstaren bira egiteko aukera ematen duen mendi martxari. Lasturko plazan bilduko dira parte hartzaileak eta, beste behin ere, bi ibilbide izango dituzte aukeran, 29 kilometrokoa bata (1.600 metroko desnibelarekin) eta 20 kilometrokoa bestea (1.120 metroko desnibelarekin).

Antolatzaileek gogorarazi bezala, gehienez ere 400 lagunek parte hartu ahal izango dute aurtengo mendi martxan eta gaur-gaurkoz dagoeneko 302 herritarrek eman dute izena. Aurretiazko inskripzioa www.kirolprobak.com helbidean egin behar da eta horretarako epea hilaren 12an (bihar) bukatuko da, 23:55ean. Federatuek 15 euro ordaindu beharko dituzte eta federatu gabeek 18 euro. Azaldutakoaren arabera, "inskripzioak itxiko ez balira, egunean bertan izena emateko aukera egongo da, Lasturko plazan bertan 6:45etik 7:30era bitartean (20 euroan)". 

Itziarko Auzo Udalak, Izarraitz Bizirik taldeak eta Euskal Kostaldeko Geoparkeak elkarlanean antolatzen duten Lasturko mendi martxaren zazpigarren edizioa izango da aurtengoa.