Goizeko 10:00etan plazan elkartu eta mendi irteerarekin emango diote hasiera aurtengo Kardantxulo Eguneko egitarauari. Eguerdi partean, 13:00etan, musikaz girotutako karropoteoa egingo dute (Bikainetik hasita) eta bazkari herrikoia izango da ondoren, 14:30ean, Zabalsoro frontoian. Antolakuntzak ohartarazi duenez, bihar (martxoak 12) izango da bazkarirako tiketak erosteko azken eguna; Gure dendan eta Hostalean daude salgai, 15 euroan. Gainera, bazkarian menu bereziak eskatzeko aukera izango dutela aurreratu dute, hala nola begetarianoa eta beganoa, eta alergiaren bat duten herritarrentzako menua ere izango da aukeran.
Bazkalondoa girotzeko, bingo musikatua egingo dute eta, ondoren, 18:00etan, Elektrotxufla taldea arituko da kalez kale. Eguna biribiltzeko, Debako Ñozz taldearen emanaldia izango da 23:00etan, eliza atzean.
Azken urteotan mozorrotzeko gai ezberdinak proposatu izan dituzte, hala nola musika izarrak, zirkoa, itsasoa, superheroiak, etorkizuna, telebista, aberastasuna... Aurtengo deialdian, aldiz, ‘baratzea’ izango da gaia.