Lehen hitzordua Emakumeen Nazioarteko Egunean bertan jarri dute. Bikain jatetxearen aurrean 19:00etan elkartu eta manifestazioa egingo dute, batukada herrikoiak lagunduta. Mobilizazioa hasi aurretik, baina, egun horretarako prestatutako manifestuaren irakurketa eta Andutz Dantza Taldearen saioa izango direla aurreratu dute.
Mobilizazioaren antolakuntzaz arduratu diren eragileek ohartarazi dutenez, edonork izango du batukada herrikoian jotzeko aukera, baina beharrezkoa da aurretik egin diren entseguetako batean parte hartzea. Martxoaren 1ean egin zuten lehen entsegua eta biharko (martxoak 7) beste hitzordu bat dago iragarrita; 19:15ean batuko dira Zabalsoro frontoian.
Beste hiru ekintza
Larunbatean (martxoak 9) izango du jarraipena egitarauak. Goizean, esaterako, haurrentzako ginkana antolatu dute. 11:00etan frontoian batu eta herrigunean zehar sakabanatuta egongo diren askotariko probak gainditu beharko dituzte parte hartzaileek. "Adin guztietako umeak daude gonbidatuta. Hala ere, gazteenak gurasoen laguntzaz agertzea gomendatzen da". Proba amaitzean, gainera, parte hartzaileek eta haien gurasoek mokadua izango dute prest Bikain jatetxean. Gogorarazi dutenez, zabalik dago izen-ematea; gaur (martxoak 6) da horretarako azken eguna. Interesa dutenek 609 01 67 46 telefonora deituta eman dezakete izena.
18:00etan, berriz, "hainbat herritarrengandik jasotako iritziez eta ideiez eraikitako" ikus-entzunezkoaren proiekzioa izango da Kalebarreneko lokalean. Aurretik, gainera, Itziarko Erasoen Aurkako Taldea (IEAT) aurkeztuko dutela aurreratu dute. Asteburua borobiltzeko, Goaz Antzerki Taldeko kideek Lotura basatiak performancea taularatuko dute Burugorriko lehen solairuan; 18:00etan izango da emanaldia.