Antolatzaileek jakitera eman dutenez, asteazken (martxoak 6) arratsaldean izango da saioa. Hitzordua, zehazki, Burugorri gainean izango da, 16:30etik 20:10era. Ohartarazi dutenez, gainera, beharrezkoa izango da aurrez txanda eskatzea; odola emateko interesa dutenek 634 07 34 98 telefono zenbakira deituta eska dezakete ordua. "Gaur (martxoak 4) eguerditik asteazken (martxoak 6) eguerdira arte egongo da horretarako aukera".
Zeregin horretan dabilen taldeak bertan parte hartzeko deia egin die herritarrei eta gogorarazi dute osasungintzako profesionalek beharrezko osasun neurri guztiak hartuko dituztela. Hona hemen odola emateko eskatzen diren zenbait baldintza:
- 18 eta 65 urte artean izatea.
- Ezinbestean 50 kilotik gora pisatzea.
- Emakumezkoek urtean gehienez ere hiru aldiz eman dezakete odola; gizonezkoek, berriz, gehienez lautan. Odol emate baten eta hurrengoaren artean, gutxienez, bi hilabeteko tartea igarotzen laga beharra dago.
- Atseden hartuta, otordu arina eginda eta ondo hidratatuta joatea gomendatzen da. “Etorri odola ematera, baina ez baraurik”.
- Gaixotasunen batez kutsatu ahal izateko arrisku-praktikarik egin ez izana (sexualak, bidaiak, gaixotasun kutsakorrak dituzten pertsonekin kontaktua izatea…).
- Odola eman aurretik, segurtasunagatik, bai emailearentzat zein jasotzailearentzat, osasun elkarrizketa egiten da, eta emailearen tentsioa zein hemoglobina maila begiratzen da.
- Ohartarazi dute sintoma susmagarriak (katarroa, mukiak edo eztula moduko sintomak) izanez gero ere, ez bertaratzeko.