Azken urteotan bezala, aurten ere zuhaitz landaketa egingo dute Itziarren, baina antolakuntzak erabaki du Elorrixa aldean egin izan ohi den landaketa Andutz mendiaren magalean dagoen Neberalde eremuan egitea aurten. "Landaketa honekin, hain zuzen, Andutzeko jatorrizko paisaia berreskuratzeaz gain, artadi kantauriarra hedatzen lagundu eta CO₂ isuriari aurre egiteko basogintzak duen garrantzia plazaratu nahiko genuke".
Itziarko Auzo Udalak eta Lizarbe Guraso Elkarteak antolatu dute ekimena eta, jakitera eman dutenez, ekintza bateratua izango da, Debako Udalarekin, Mendaroko Udalarekin, Zestoako Udalarekin eta Naturtzaindiarekin elkarlanean. Zehaztu dutenez, larunbat (otsailak 24) goizean izango da landaketa. 09:00etan jarri dute hitzordua, Itziarko Enpresa Parkeko sarreran kokaturik dagoen Ayra Cardan enpresaren pabiloiaren parean. Eta, handik, oinez igoko dira Neberalde deituriko parajera.
Nork bere aitzurra eramatea komeni dela azaldu du antolakuntzak, baina landaketa burutzeko beste aukera batzuk ere egongo direla gaineratu dute. "Besteak beste, landareak landatu ondoren, horiek babestu eta lotu ere egin beharko dira". Lanak bukatu ondoren, gainera, mokadua eskainiko diete parte hartzaileei. Bikain jatetxean izango da hamaiketakoa, "parte hartzaileak indarberritu daitezen".
Herritar guztiak ekimenarekin bat egitera gonbidatu du antolakuntzak. "Aukera ederra da herriko ingurune naturalen kontserbazioan eta klima-aldaketaren aurkako borrokan modu aktiboan laguntzeko", zehaztu du Debako Udalak.
Aspaldiko kontuak
Andutzeko magalean baso ustiaketaren berri ematen duten agiriak aspaldikoak dira. "Garai haietan, basoa ekonomiaren oinarrietako bat zenean, ikatza eta itsas eraikuntzarako egurra industria bilakaturik zegoen. Sasoi hartako ekimenen eta naturarekin bat egindako lanen lekuko ditugu gaur egungo Andutzeko artadiak".
Hona hemen Debako artxiboan jasota dauden aginduak: "Folio 50r: acta de 17-01-1751, que se rocen y guíen los encinos del partido de Usarroa para que fructifiquen bien. Se pagan 425 reales y 10 maravedís por la siembra de 10 anegas de bellota de encino en Andutz que plantó Antonio de Alzolaras".