23. Korrikaren bueltako lanak antolatzeko bilera irekia deitu du Itziarko Korrika Batzordeak. Bihar (otsailak 22) elkartuko dira, Kale Barreneko lokalean, 18:30ean. Antolakuntzako kideek ohartarazi dutenez, saioa irekia izango da. "Modu batera edo bestera ekimenean parte hartzeko edo laguntzeko prest zaudeten guztiok gonbidatu nahi zaituztegu bertan parte hartzera".
Martxoaren 14tik 24ra egingo da aurten AEK-k antolatzen duen euskararen aldeko ekimen erraldoia, eta lasterketa Itziartik igaroko ez bada ere, Debari dagokion kilometro bat erosi du auzo udalak. "Martxoaren 20an (asteazkenean), 13:28an, Mendarotik barrena sartuko da Debara, eta ibilbide horretan Itziarko eragileok lekukoa eramateko aukera izango dugu".
Hainbat gai izango dituzte hizpide bileran, honakoak: ibilbidea, lekukoa eramateko erreserbak, material salmenta, Korrika Kulturalaren agenda eta Korrika Txikia. Bilera, gainera, materiala saltzeko baliatuko dutela esan dute. Besteak beste, petoak eta AEK-k aurten estreinakoz salgai jarri dituen banderola koloretsuak erosteko aukera egongo da.